Egitarau oparoa Egian, 21. Korrikarako
Apirilaren 12an, 19:35ean pasako da 21. Korrika Egiatik. Loiolatik helduko da lekukoa, eta aldapan gora Intxaurrondora abiatuko dira korrikalariak. Apirilaren 12rako egun osoko egitaraua antolatu du Egiako Korrika batzordeak, baina martxoaren 27an hasi ziren Korrikaren harira jarduerak egiten.
Martxoaren 27an literatur solasaldia egin zuten Kultur Etxean, eta Koldo Izagirreren Euskararen historia txikia Donostian (1800-1998) liburua izan zuten hizpide. Martxoaren 30ean Barrexerka antzerki taldeak emanaldia egin zuen Gazteszenan, eta apirilaren 3an Ekain Martinez Lizarduy zuzendariaren Erraiak dokumentalaren proiekzioa egin zuten.
Apirilaren 4an garagardo artisauen dastaketa egin zuten Isatxe tabernan, eta larunbatean, apirilaren 6an, Kantu Jirakoek girotu zuen auzoa.
Apirilaren 12an ere hainbat jarduera egingo dituzte auzoan:
- 11:00 Korrika Txikia eta gaztea auzoan zehar (Lauaizeta, Maria Reina, Mundaiz eta Aitor ikastolako ikasleak)
- 17:00 Jolasak Plaza Haundin, Haurtxokoak eta Gaztelekuak antolatuta.
- 18:30ean Dantza ikasleen emanaldia Blas de Otero plazan.
- 19:30ean Klarinete taldearen emanaldia Jubilatuen etxean.
- 19:35 Korrikaren iritsiera Egiara.