Ertzaintzak gizon bat atxilotu du, Ibaetan pertsona bat hil zuen sutea piztea egotzita
Poliziak ostegunean atxilotu zuen gizona, Bergaran, eta ostiraletik Martuteneko kartzelan dago espetxeraturik, epailearen aginduz. Infernuko gunean pizturiko suteak pertsona bat hil zuen, eta beste bi zauritu eragin zituen. Erasoaren zergatia bikotekide ohiaren aurkako mendeku bat izan daitekeela uste du Ertzaintzak.
Sutea martxoaren 1ean piztu zen, 5:30ak aldera, Ibaetako Zubiberri bidean, Infernua izeneko eremuan. Egurrezko eraikinak azkartasun handiz hartu zuen su, eta une horretan sei pertsona zeuden bere barnean. Horietatik, bostek kanpora irtetea lortu zuten, baina goiko solairuan zegoen gizonak ezin izan zuen sugarretatik ihes egin eta kiskalita hil zen suhiltzaileak iritsi zirenerako. Gainera, eraikinetik irtetea lortu zuten bi pertsona eraman behar izan zituzten: bata, kea arnasteagatik, eta bestea, lehen pisutik salto egitean zango puskatu zuelako.
Ertzaintzak sutearen sorrera ikertzeari ekin zion, eta eraikinean topaturiko zantzuak aztertuz, sutea eragina izan zela ondorioztatu zuen. Zehazki, gasolina arrastoak topatu zituen poliziak eta, ikerketa jarraituz, Bergarako 49 urteko gizon bat hartu zuen susmagarri nagusi gisa. Izan ere, atxilotua erretako eraikinean bizi izan zen lehenago bere bikotekide ohiarekin, baina ezagutzera eman ez diren arrazoiengatik, epaile batek berarengandik urruntzeko agindua ezarri zion. Martxoko erasoaren zergatia bikotekide ohiaren aurkako mendeku bat izan daitekeela uste du orain Ertzaintzak.
Atxilotuak sutearen aurretik eta ondoren hirian egin zituen mugimendu guztiak jaso ditu Ertzaintzak, baita Lugaritzeko tren-geltokiko kamera batek grabaturiko irudiak ere. Bertan ikusi daiteke nola heldu zen Ibaetara, gasolina-bidoia eskuan zeramala, eta baita nola alde egin zuen sua piztu eta minutu gutxira.
Ertzaintzak ostegun goizean atxilotu zuen gizona, Bergaran zuen etxetik irteterakoan, eta Donostiako Instrukzio Epaitegiaren 3. aretoko epailearen esku utzi zuen ostiralean. Sua piztea, pertsona bat hiltzea eta beste biri lesioak eragitea leporatzen diote, eta jada Martuteneko kartzelan dago espetxeraturik.
Jarraian, Ertzaintzak Lugaritzeko tren-geltokiko kameretatik eskuratutako irudiak: