Lau emakumek erabili dute Dbuseko eskaripeko geldialdien zerbitzua asteburu honetan
Ostiralean, apirilaren 5ean, jarri zuen martxan Dbusek eskaripeko geldialdien zerbitzua gautxori linea guztietan, eta lau emakumek erabili zuten zerbitzua ostiralean bertan.
Emakume batek B1-Benta Berri-Berio-Añorga linean erabili zuen zerbitzua Añorga Erroazar inguruan jaisteko. Beste batek B9-Amara-Errondo-Puio linean eskatu zuen geldialdia, Errondogañan jaisteko, eta beste bi emakumek B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa linean erabili zuten, batek Pinu Bidean jaisteko, eta besteak Portuenen jaisteko.
Zerbitzua martxan jarri duten lehen asteburuan erabilera oso altua izan ez bada ere, Pilar Arana Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotziak “gero eta gehiago” erabiliko dela uste du. Izan ere, azaldu duenez, “sistema honen helburua emakumeak beraien etxeetara segurtasunez itzultzea da”.