Bidebieta udal kiroldegiak gimnasio berria izango du
Bidebieta udal kiroldegiak gimnasio berria izango duela jakinarazi du Donostiako Udalak. Uda ondoren jarriko dute martxan, eta azalera handitzeaz gain, makinak eta bizikletak berrituko dituzte. Ikastaroetako areto berria egingo dute kiroldegiko taberna zegoen tokian, eta aldaketa horrek kardio eta muskulazio gimnasioaren azalera handitzea ekarriko du. Guztira, 240.000€ inbertituko dituzte Bidebieta udal kiroldegian egingo diren hobekuntza horietan.
Gaur egun, Bidebieta udal kiroldegiak 270 m2-ko kardio eta muskulazio gimnasioa dauka, ziklo indoor aretoa eta ikastaroetarako aretoaz gain. Aurreikusita dauden handitzeko lanen ondoren, gimnasioaren azalerak 370 m2 izango ditu. Horrela, Yoldi eta Benta Berri kiroldegien ondoren, azalera handiena duen hirugarren gimnasioa bihurtuko da.
Azalera handitzeaz gain, muskulazio guneko makina guztiak berrituko dituzte, baita ziklo indoor gelako bizikleta guztiak ere. Halaber, kardio makina berriak jarriko dituzte (korrika-zintak, eliptikoak…).
Gimnasio berrituak entrenamendu funtzionalerako gune bat ere izango du. Donostia Kirolak, duela urtebete bat, Benta Berri kiroldegian lehen mota honetako gunea jarri zuen eta, erabiltzaileen erantzun onaren ondorioz, beste udal gimnasioetan ere horrelako guneak jartzea erabaki du. Hobekuntza lan horiekin, Donostia Kirolak Kirol Txartelaren harpidedunentzat gimnasioetako 3.300 m2 eskainiko ditu. Gainera, sei ziklo indoor areto (800 m2 gutxi gorabehera) gehitu behar dira. Horiek, jarduerarik programatuta ez dagoenean, gimnasioetako erabiltzaileentzat sarrera librea dute eta.