Morlansen ere 21. Korrikaren alde

Kilometroak egiten etenik gabe dabil 21. Korrika Euskal Herriko bideetatik zehar, eta oso egun gutxi falta dira Donostiara iristeko. Apirilaren 12an 42 kilometro egingo ditu Korrikak hiriko kaleetatik zehar, eta Morlansera sartuko ez den arren, Pedro Manuel Collado eta Jose Maria Salaberria kaleen arteko bidegurutzean hartuko du lekukoa Morlanstarrak Auzo Elkarteak.
Gainera, auzoan egitasmoaren inguruko lanketa egiten aritu dira buru-belarri, eta egitarau zabala antolatu dute. Oraindik ez dute erabaki nork eramango duen lekukoa, eta jakinarazi dute antolatutako hainbat jardueratan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko dutela lekukoa eramateko ardura.
Gaur emango diote hasiera egitarauari, Korrikarako auzoa girotzen hasteko:
Apirilak 9, asteartea – Korrika girotzen
- 16:45 Lur Korta ipuin kontalaria, Leire plazan. Eguraldi txarra eginez gero, auzo elkartearen lokalean.
- 18:30 Mintzodromoa. Kafe tertulia auzo elkartearen lokalean. Izena emateko mezu bat bidali beharko da morlanseuskaraz@gmail.com helbide elektronikora.
Apirilak 11, osteguna – Korrikarako beroketa Leire plazan
- 16:45 Eskulan tailerra: petoak, lekukoa eta apaingarriak.
- 18:00 Korrikaren simulakroa.
- 18:30 Argazki erraldoia.
Apirilak 12, ostirala – Korrika Donostian
- 17:00 Txokolate jana Leire plazan.
- 17:30 Gure kilometroa apaindu eta Korrikaren zain egon giro ederrean.
- 18:25 Korrika badator!