Udaberriko oporraldian irekiko ditu ateak Urgulleko Natur Txokoak
Urgulleko Natur Txokoa, Gobernadorearen Baterian kokatuta dagoena, apirilaren 13an irekiko dute berriro, eta hilaren 28ra arte egongo da zabalik, astelehenetik igandera 16:30etik 18:30era.
Naturarekiko errespetua sustatzea helburu duten aisialdirako jarduera didaktikoak egingo dituzte Natur Txokoan. Horretaz gain, astearte eta asteazkenetan jarduera bereziak egingo dituzte, 17:00etan:
- Apirilak 16, asteartea – Ura, lurra, airea: Urgulleko Natur Txokoa, lurrak, urak eta aireak bat egiten duten txoko berezia da. Leku paregabea da elementu hauek aztertzeko, eta beren propietateak aztertuz jolas eta esperimentu dibertigarriak egiteko.
- Apirilak 17, asteazkena – Izadi Kapitaina, superheroi bat Urgullen: Bittor haur arrunt bat zen, ikastolara joaten zen, eta udarak Santa Klara uhartean pasatzen zituen aitonekin, bat-batean bere bizia guztiz aldatu zen arte. Orain Izadi-kapitaina da, animalien lagun, eta zuhaitzen zaindari, Lur planetaz arduratzen erakutsiko digun superheroi maitagarri eta dibertigarria. Alkateak pertsonalki eskatu dio Aste Santuko opor hauetan Donostiara etortzeko, hiriko parke eta hondartzetan haur eta helduek jokaera adeitsuagoa izan dezaten naturarekin. Eta lanez gainezka dago gaixoa, estresak jota! Lagunduko al diogu bere lana egiten? Bihurtuko al gara gu ere superheroiak?
- Apirilak 23 – Altxor sekretuaren bila: Kondairak dio 1813ko Donostiako sutetik ihesi familia bat Urgull mendian babestu zela, eta bertan altxor eder bat ezkutatu zutela. Pistak jarraituz eta frogak gaindituz denon artean aurkituko dugu.
- Apirilak 24 – Lorez lore erleak ere: Askotan gure artean fama txarra duten arren, erleak ondo ezagutuz gero oso animalia interesgarri eta eskuzabalak direla ikusiko dugu. Gizakioi opari asko eskaintzen dizkiguten arren, adibidez eztia edo argizaria, Ulian burutzen duten beste lan batengatik dira hain beharrezkoak: landareen polinizazioa. Tailer honetan denok erle bihurtuko gara beraien ezaugarri eta bitxikeriak hobeto ezagutzeko.