Eusko Legebiltzarrak Uliako parkea babesteko eskatu dio udalari
Martxoa hasieran Uliako Soroborda eta Buskando ur-biltegiak Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Uliako Auzo Elkarteak ontzat jo zuen erabakia, eta monumentu multzo izendapena parke osoarentzako izan behar zuela eskatu zuen.
Atzo, hilak 9, Eusko Legebiltzarrak, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdien ekimenez, eskaera bat zuzendu zion Donostiako Udalari: “Babestu dezatela modu eraginkorrean, indarrean dagoen arautegiaren arabera, Uliako Mintegietako Parkea, haren kokalekuak hartzen dituen 14.000tik gora metro koadroko instalazio, lorategi eta elementu naturaletan jasotako balio patrimonial, arkitektoniko, biologiko, botaniko eta naturalarengatik”.
Horrekin batera, udalari eskatu diote parkean ez dezatela hirigintza proiekturik, “baldin eta dagoen ondarearen balio kulturalak errespetatzen ez badira eta parkea mantentzek eta kontserbatzeko gaur egunera arte lanean aritu den mugimendu asoziatiboa ados ez badago”.