Intxaurrondo ikastola 50. urteurrenaren azken txanpan sartu da
Historian mende erdia atzera egiten badugu, Intxaurrondoko ikastolaren hastapenekin egingo dugu topo. 60ko hamarkada garai gogorra izan zen euskal herritarrentzat, izan ere, Frankoren diktadura pil-pilean zegoen eta haren politikak Euskal Herria eta euskararen kontrakoak ziren. Testuinguru horretan gaur egun Intxaurrondoko ikastola denaren haziak landatu zituzten auzoko hainbat guraso eta auzotarrek, eta 2018-2019 ikasturte osoa daramate 50. urteurreneko ospakizunekin. Jarduera ugari antolatu dituzte, hala nola, erromeria eta kantu-jira, bertso-afaria, San Tomas eguna auzoan, Olentzeroren etorrera, Santa Ageda eguna, hainbat lasterketatan parte hartu duen korrikalari talde baten sorrera eta kulturartekotasun ekitaldia.
Ospakizunei amaiera emateko, bi jarduera nagusi antolatu dituzte datozen hilabeteetan. Alde batetik, argazki erakusketa bat jarriko dute ikusgai Intxaurrondo kultur etxean, ikastolaren 50 urteak jasoko dituena. Erakusketaren inaugurazioa maiatzaren 2an izango da, 19:00tan, eta maiatzaren 19ra arte egongo da ikusgai.
Beste aldetik, bazkari herrikoi bat egingo dute maiatzaren 18an, Mons kiroldegian. Eguerdiko 12:00etan ikastolatik irtengo dira, eta kalejira egingo dute auzoan zehar. Bazkalondoan, erromeria egingo dute, “egunari bukaera bikaina emateko”. Bazkariko txartelak Intxaurrondo auzoko hainbat puntutan jarriko dituzte salgai apirila osoan zehar; Leku Ederren, Zulo Zaharren, Eder eta Adi tabernetan, Amagoia janari dendan eta Intxaurrondo ikastolan bertan erosi ahalko dira. Intxaurrondo ikastolak herritarrak animatu dituzte ospakizunetan parte hartzera.