Langileen sumina ezin da deslokalizatu
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘EN GUERRE’
Zuzendaria: Stephane Brize
Urtea: 2018
Herrialdea: Frantzia
Langileak izan ziren lehenak film batean ateratzen, Lumiere anaien lehen saiakera zinematografikoarekin (La Sortie de l’usine Lumiere a Lyon, 1895), eta langileria izan da zinean protagonista bere historiako une askotan. Zinema soziala edo langile klasearen inguruko zinema ahotara ekartzen dugunean, zerrendan ezin dira hurrengoetako film batzuk falta: Eisenstein, Renoir, John Ford, Chaplin, King Vidor, neorrealismo italiarra, free cinema britainiarra, Barbara Kopple, Dardenne anaiak, Aki Kaurismaki, Ken Loach, eta abar.
Donostian urtero ospatzen den Giza Eskubideen Zinemaldia bere 17. ekitaldira iritsi da aurten, eta ikusten ari garen filmeen artean Frantziatik etorri den En guerre izan da zirrara gehien sortu didana. Zinemaldi horretan ohikoa izaten da ikusleak hunkituta, amorratuta edo harrituta irtetea Viktoria Eugenia antzokitik, baina noizbehinka film luze batzuk (eta laburrek, ez dugu ahaztu behar) eragiten duten zirrara gure hondoraino iristen da, batez ere pantailan ikusi dugun istorioak bidegabekeria eta injustizia jasanezina agertzen dutenean.
Hori da Stephane Brize zuzendariak lortu duena, nirekin behintzat, En guerre filmarekin. Eta, batez ere, Vincent Lindon aktoreak bere antzezpen biziarekin (aktoreak Brizerekin laugarren kolaborazioa du, eta iruzkintzen ari garen hau 2015eko La loi du marche lanarekin lotura estua du). Filmaren une askotan aktorea ahazten dugu, eta benetako borrokalari sindikalista baten aurrean gaudela dirudi. Brizek filma gauzatzeko erabili duen moduak asko laguntzen du horretan, hasieratik fikziozko lan bat izatetik dokumental itxura duen zerbaitera igarotzen baikara. Horretarako forma dokumentala erabiltzen du, beti kamera bizkarrean duela mugitzen, zuzeneko soinuarekin, urrunetik desfokuratzea erabiltzen, eta telebista itxurako albistegien irudiak erakusten. Agertzen diren aktore guztiak, Lindon izan ezik, ez dira profesionalak, eta eszena askotan inprobisazio lanak egin dituztela dirudi. Erritmoa frenetikoa da, askotan musika deseroso eta begiztan errepikatuak bideratuta, filmak kontatzen duenak modu hori eskatzen baitu.
Bestalde, En guerre filmaren istorioak gaurkotasun eta gertutasun ikaragarria du. Deslokalizazio baten ondorioz, Frantziako lantegi bat itxi eta itxieraren ondoriozko 1100 langileen kaleratzeak jakin ostean, enpresa batzordeko ordezkari sindikalek, langileekin batera, greba gogor bat hasiko dute. Borroka latza eta luzea hasiko da orduan, enpresarekin alferrikako elkarrizketak eta politikoen laguntza antzua lortuz. Azkenean lortuko dute lantegiaren jabe den enpresa taldearen zuzendariarekin bilera bat, baina gauzak ez dira irtengo uste bezala, eta langileen banaketa islatzen duen eszena baten ostean, filmak aho bete hortz utziko gaituen bukaera bat izango du.
En guerre (hasieran «en colere» deitua) gisako filmeek bihotzak uzkurturik uzten gaituzte, ikusi duguna atsedenik gabeko istorio bat izan delako, eta nolabait gu langileen borrokarekin identifikatu garelako. Zinearen alde industriala bazterrean uzten badugu (eta askotan hemen hori egiten saiatu naiz), giza espresioaren tresnarik egokienetakoa dela ohartuko gara, gure inguru zail eta gogor hau aldatuko ez duena, baina bai kontzientziak mugiaraziko dituena. Filmaren hasierako Bertolt Brecht idazlearen hitzak zinearen ezaugarri honen isla izan daitezke: «Borrokatzen duenak galdu dezake, baina borrokatzen ez duena galduta dago».