Liburuaren Nazioarteko Eguneko egitarau zabala aurkeztu dute
Liburuaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 23an, eta gaur aurkeztu dituzte egun horretarako antolatu dituzten jarduerak. Aurkezpenean parte hartu dute Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Arantza Urkia Liburutegi zerbitzuko zuzendariak, Adolfo Lopez Liburu-saltzaileen Elkarteko presidenteak eta Ines Garcia Liburu-saltzaileen Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak.
Apirilaren 23an, astelehenean, Gipuzkoa plazan ohiko Liburu Denden Elkargoaren Liburu Azoka egingo dute, 9:30etik 21:00etara. Era berean, Liburuaren Egunaren harira jarduera ugari antolatu dituzte bai azokan bertan, baita hiriko kultur etxeetan ere. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du Gipuzkoa plazan, liburutegiek eskainiko dituzten zerbitzuak eta argibideak emateko. Han eskura egongo dira Yolanda Mosquera ilustratzaileak egin duen marrazkiarekin diseinatu diren orri-markagailuak. 2018ko Euskadi Sariaren irabazlea da Mosquera.
Gainera, Liburu Denden Elkargoak gaur eman ditu ezagutzera Euskadi Zilarrezko Sariak: euskaraz, Yoseba Peñaren Hariak; gaztelaniaz, Cardeno adorno, Katharina Winkler-ena.
Liburu Azok Gipuzkoa plazan
Liburu Azokan hamasei liburu dendak hartuko dute parte, eta stand guztietan %10eko deskontua egingo dute liburuetan. Era berean, iragarri dute egunean zehar 300 liburu zozkatuko dituztela, eta %5eko deskontu bonuak emango dituztela parte hartzen duten liburu dendetan erabiltzeko.
Bezeroek txartel bat jasoko dute, azokako stand-etan gastatzen duten 5 euroko. Saria bi motatakoa izan daiteke: alde batetik, txartela saritzen bada liburu batekin, saridunak liburu bat jasoko du une horretan Donostia Kulturaren karpan. Bestetik, saria deskontua baldin bada, %5eko deskontua eska dezakete azokan parte hartuko duten liburu dendetan, 2019ko maiatzaren 31 baino lehenago. “Pintxo-liburua” izeneko deskontu-bale bat ere eskuratu ahalko dute bezeroek, hain zuzen, erosketetako 10 euro bakoitzeko, euro bateko deskontu-balea jasoko dute Bideluze eta Meson Martin tabernetan edozein pintxo jateko. Azkenik, azokako liburu denden erakusmahaietan 30 minutuko txartelak oparituko dituzte, Okendo aparkalekurako.
Liburuaren Nazioarteko Eguneko jarduerak
Haurrentzako jarduera bereziak antolatu dituztela jakinarazi dute. 12:00etan Maite Arresek Yogipuinak eskainiko du, yoga eta ipuinak batzen dituen saioa. 17:30etik aurrera, Pupu ipuinen munduan ikuskizuna egingo dute, eta 2018. urtean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten 10 haur sarituko dituzte. Haur bakoitzari 30 euroko txartel-bonu bana emango zaio Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
Helduentzat ere hainbat jarduera antolatu dituzte, egun osoan zehar egingo dituztenak. 10:30-11:30 bitartean, Emily Bronte idazlearen Gailur ekaiztsuak liburuaren irakurketa egingo dute euskaraz, EIZIEren eskutik (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea). Liburu horrek itzulpengintzako 2018ko Euskadi Saria irabazi zuen, eta Irene Aldasoro liburuaren itzultzaileak parte hartuko du jardueran.
12:00etan Amaia Garcia eta Slawka Grabowskak literatur ibilbide antzeztu bat gidatuko dute, eta 1920ko hamarkadako Donostia irudikatuko dute. Maria Alonso del Val aktoreak antzeztuko du ibilbidea, eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian, edo liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidean. Jarraian, 13:00etatik 14:00etara Donostia Kulturaren informazio gunean Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberriaren pasarteak irakurriko ditu idazle talde batek; aurten, 50 urte bete dira idazleak liburua idatzi zuenetik.
16:00etatik 16:30era Donostia Book Klub taldeak Doris Lessing idazlearen On Cats ipuin liburuaren testu batzuk irakurriko ditu ingelesez, idazlearen jaiotzaren mendeurrenean. Ondoren, 16:30etik 17:00etara Irakurketa Errazaren txanda izango da, eta kaleratu berri den Peter Pan liburua irakurriko dute. Azokari amaiera emateko, Amaia Lainonek Poesia-kaxa errezitala eskainiko du, 19:00etan.
Egun bakar bat baino gehiago
Apirilaren 23ko astean zehar ere antolatu dituzte jarduerak, Donostiako kultur etxeetan. Hona hemen egitaraua:
Aiete kultur etxea
- Apirilak 23, 11:00etan.
- Irudipuinak, Mattin eta Ixabel Agirresaroberekin.
Egia kultur etxea
- Apirilak 23, 24 eta 25, 10:30etik 12:00etara.
- Itzal txotxongilo laborategia, Zurrunka Teatroaren eskutik.
- Adina: 5-12 urte.
- Hizkuntza: euskara.
Okendo kultur etxea
- Apirilak 24.
- Once in a Blue Moon, Annie Funny ipuin kontalaria.
- Adina: 5 – 10 urte.
- Hizkuntza: ingelesa.