42. Nazioarteko Xake Txapelketa egingo dute Donostian
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Fernando Markina Gipuzkoako Xake Federazioko presidenteak aurkeztu dute hiriko 42. Nazioarteko Xake Txapelketa, apirilaren 13tik 20ra egingo dutena. Iazko legez, txapelketa nagusiaren barruan, Blitz estiloko bi txapelketa azkar ere egingo dira aurten.
130 jokalarik eman dute izena dagoeneko, eta Gros Xake Taldeak Karmelo Balda frontoian duen espazioan egingo dute txapelketa aipatu egunetan. Bestalde, txapelketa nagusian izena eman duten bost jokalari onenek eta Gipuzkoako txapeldunak Euskal Xake Federazioa Torneoa izeneko txapelketa azkar bat jokatuko dute hilaren 15ean Udalbatza aretoan 10:30etik aurrera. Jarraian, beste txapelketa azkar bat egingo dute areto berean, Donostia Gazte Torneoa izenekoa, baina horretan Donostiako kadete eta alebin mailako 40 jokalari onenek hartuko dute parte. Horretaz gain, apirilaren 18an Euskadiko Selekzioko jokalariek jokatuko dute Karmelo Balda frontoian.
Txapelketa hau XX. mende hasieran Udalbatza aretoan jokatzen zituzten xake partida garrantzitsuak gogoratzeko aukera ona dela deritzo Goiak: “Duela ehun urte munduko xake jokalaririk onenak Donostiako Udalbatza aretoanjokatzen zituzten partida handiak. Eta garai horiek gogora ekartzeko, eta xakeak hirianduen zaletasuna eta garrantzia azpimarratzeko asmoz Udaletxean berriro ere partidakjokatzeko aukera egotea aukera polita izan zitekeela ikusi genuen”.
Markinak nabarmendu du herrialde askotako jokalariek parte hartuko dutela txapelketan: “Bost Maisu Handik parte hartuko dute –espainiarra, kubatarra, txiletarra, frantziarra eta armeniarra–, eta gainera, beste hiru nazioarteko maisuk ere parte hartuko dute. Guztira 11 herrialdetako jokalarik parte hartuko dute: Txile, Kuba, Venezuela, Argentina, Armenia, Italia, Britainia Handia, Frantzia, Grecia, Danimarka eta Holanda”.