Beethoven eta Dohnanyi izango dira protagonista Miramongo Matineean

Miramongo Matineen hamahirugarren saioa egingo dute larunbatean, apirilaren 13an. Ohi bezala Miramongo Auditoriumean izango da, 11:00etan, eta Alma hirukoteak Beethoven miresgarria eta Dohnanyi zoragarria izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru kidek osatzen dute: Mikel Ibañezek (biolina), Justyna Janiak-Krymerrek (biola) eta Flore Lefevrek (biolontxeloa).
Sarrerak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunean eros daitezke 7 euroren truke, baina Kursaal Auditoriumeko leihatilan ere. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira kontzertuaren egunean.
Matineea Ludwig Van Beethovenen 3. harirako trioarekin hasiko da, eta antolatzaileen arabera, “obra-sorta hau osatzen duten hiru trioetako indartsuena” da. Obrak “aberastasun tematiko” handia du mugimendu azkarretan eta ia sinfonikoak diren elaborazioetan, batez ere hasierako Allegroan. Adagioaren inguruan esan dute edertasun handikoa dela, eta atmosfera “malenkoniatsua” duela. Trioa Presto “distiratsu eta birtuoso” batekin amaitzen da.
Kontzertuko bigarren eta azken obra Erno Dohnanyiren Serenata izango da, “Hungariako musikagilearen maisulan nabarmenena ganbera-musikaren eremuan”. Mozart eta Haydni begi-keinu ugari egiten dizkion arren, lan honek pertsonalitate handia duela baieztatu dute. Berrikuntza ugari ditu eta musika erromantikoko melodia herrikoiak ditu inspirazio-iturri, nahiz eta Scherzo-an eragin horretatik aldentzen den. Amaierako Rondo-an Haydni omenaldia egin zion bere Pianorako eta harirako 39. trioaren (“Trio zingaroa” izenez ere ezagutzen dena) Rondo all’Ungarese ezaguneko motiboa gogora ekarriz. Dohnanyi sona handiko pianista izan zen, eta Brahms miretsi izan zuen beti. Bela Bartokek honakoa esan zuen berari buruz: “Hungariako musika pertsona bakarrean laburbildu daiteke: Dohnnyi”.
“Miramongo Matineetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori”, jakinarazi dute antolatzaileek. 10:25ean abiatuko da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik, eta geldialdiak egingo ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
PROGRAMA
Ludwig Van Beethoven
3. Harirako trioa
- I. Adagio – Allegro con brio
- II. Adagio, ma non tanto, e cantabile
- III. Scherzo. Allegro
- IV. Presto
Erno Dohnanyi
Serenata
- I. Marcia. Allegro
- II. Romanza. Adagio non troppo
- III. Scherzo. Vivace
- IV. Tema con variazioni. Andante con moto
- V. Rondo