Jarduera ugari egingo dituzte udaberriko oporraldian Urgullen

Urgulleko Historiaren Etxea (Motako Gazteluan), Liburutegia (Damen Baterian) eta Natur Txokoa (Gobernadorearen Baterian) zabalik egongo dira apirilaren 15etik 28ra, eta astean bitan jarduera bereziak egingo dituzte haur eta familientzat. Aisialdia, kultura eta ingurugiroa uztartzen dituzte jarduerek, eta hiriko historia, haur eta gaztetxoentzako ikastaroak, jokoak, ipuin kontaketak eta txotxongiloak egongo dira.
Donostiari begira erakusketa egongo da ikusgai Historiaren Etxean, non, hiriak 800 urtetan bizi dituen gertakari nagusiak biltzen diren. Apirilaren 15etik 28ra egunero ikusi ahal izango da erakusketa, 10:00etatik 17:30era. Udaberriko oporraldiaren ondoren, ordea, apirilaren 29tik ekainaren 30era, asteazkenetik igandera egongo da ikusgai.
Erakusketaz gain, Urgull mendia ezagutuz jarduera ere egingo dute, non, mendiaren bilakaera historikoaren bitartez hiriaren historia ezagutzeko aukera egongo den; bisita gidatuak eta ikastaroak eginez. Bestalde, Historiaren Etxean bertan, Donostiako hirigintza, ondarea, historia eta gizartearen bilakaera landuko dira.
Liburutegiari dagokionez, haurrentzako liburu eskaintza anitza eta ordenagailuak dituzte. Gainera, astelehen eta ostegun arratsaldeetan haurrei zuzendutako jarduerak egingo dituzte.
Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duen Natur Etxean, naturarekiko errespetua sustatzea helburu duten jarduerak egingo dituzte egunero. Horretaz gain, astearte eta asteazken arratsaldeetan jarduera bereziak egingo dituzte.