Soldata eta pentsio duinen aldeko manifestazio bateratua egingo dute gazteek, feministek eta pentsionistek
Donostiako ikasle eta gazte mugimenduak, asanblada feministak eta Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarrak prentsaurrekoa egin dute gaur Filosofia eta Hezkuntza Zientzia Fakultatean. Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 13rako antolatu duen manifestazioaren deialdia bultzatzeko egin dute agerraldia, “herritarrok bizitza duin baterako dugun eskubidea” azpimarratuz.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik, Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan egingo diren mobilizazioekin batera. Egun horretan, herritarrek pentsiodunen aldarrikapen nagusiak plazaratuko dituzte berriro ere, hala nola: pentsio publikoen defentsa, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIaren araberako urteroko eguneratzea, jasangarritasun faktoreen indargabetzea eta enplegu prekarioaren aurkako neurriak.
Gazteek eta emakumeen ere jasaten duten prekaritatea nabarmenduz, adin guztietako langileek larunbateko manifestazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute prentsaurrekoan: “Jakitun gara egoera ez dela zerbait isolatua, badagoela injustizia eta zapalkuntza guztiak lotzen dituen hari bat eta horrek behartzen gaituela guztiok batera saretzea eta elkarrekin aritzea gizarte justuago eta askeagoa lortze aldera”.