Txillardegiren bost bilobek hartuko dute Korrikaren lekukoa
Euskarak Batzen Donostia Elkarteak jakinarazi duenez, omenaldia egingo diote bihar Txillardegiri. Izan ere, bere bost bilobek hartuko dute lekukoa Batzenen kilometroan (2.065-3), Sekundino Esnaola kalean, Video Net dendaren parean, 17:43ean.
Horrez gain, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak ere Grosen hartuko du lekukoa, Peña y Goñi eta Kolon pasealekuak gurutzatzen diren tokian. Mintzalaguna egitasmoak aurten 25 urte bete dituenez, Carmen Urretabizkaia eta Ander Trigos Bidelagunek jasoko dute lekukoa, urte horietan guztietan euskara praktikatu nahi izan duten kideak lagundu dituzten Bidelagunen izenean.
Txillardegi omenduko du 21. Korrikak, euskara batuari egin zizkion ekarpen guztiengatik. Gainera, Kote Camacho zinemagileak dokumental bat egin du, Txillardegiren klika izenekoa, duela urte batzuk AEKren elkarrizketa bat aprobetxatuz.