5 ordu, 42 kilometro, 115 lekuko aldaketa, 11 auzo
Gaur arratsaldean iritsiko da Korrika Donostiara. Ehunka pertsonak bat egingo dute gaur Korrikarekin Donostian.
Lasartetik etorriko da Korrika, eta Hazi fundazioak – Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako fundazioa – hartuko du lekukoa Donostian, Errekaldeko biribilgunean 16:28an.
Guztira 42 kilometro egingo ditu Korrikak Donostian barrena, eta 115 lekuko aldaketa egongo dira. Hau da, 115 eragile, enpresa, edo norbanakok erosi dute kilometroa aurten. 11 auzotatik igaroko da lasterketa.
Añorgatik Antiguara joango da Korrika, eta handik Erdialdera joango da, 17:15ean. Ondoren, Grosera abiatuko da 17:29an, eta gero, Parte Zaharreko kaleetara sartuko da 17:57an.
Ateratzean Erdialdeko hainbat kaletan barneratuko da berriro ere 18:11n, eta Amararantz joko du 18:18an. Amaratik igaro ostean, Amara Berrira joko du, eta 18:46ean Loiolako Erriberan sartuko da. Loiola eta Martutene auzoetatik igaroko da Korrika 18:53an, eta Egiara joango da 19:35ean. Aldapan gora ibiltzea tokatuko zaie korrikalariei, Egiatik Intxaurrondora joateko; auzoan sartuko dira 20:03an. Handik ekialdera abiatuko dira herritarrak, eta 20:31ean iritsiko dira Altzara.
Une horretan, Korrika Donostiatik irtengo da momentu batez, izan ere, Altzako gazteek Pasai Antxokoei emango diete lekukoa, eta hainbat kilometro egingo ditu handik. Jarraian berriro sartuko da hiriburura, hain zuzen, Bidebietan egingo ditu azken kilometroak, hirian lekukoa azken aldiz jasoz. Eltzegor Bidebietako euskal kultur elkarteak pasako die lekukoa Pasaiakoei, 21:31ean, Trintxerpeko biribilgunean.