Berrogei urte, sei alkate
Duela 40 urte, 1979ko apirilaren 3an, egin zituzten Francoren diktadura osteko lehen udal hauteskundeak. Ordutik, hamar hauteskunde egin dira Donostian, eta aurtengo maiatzaren 26an hamaikagarrenak egingo dira.
Espainiako Franco diktadorea hil eta hiru urtera, 1978an, orduko Donostiako udalbatza ordezkatzeko Kudeaketa Batzorde bat izendatu zuen Espainiako Barne Ministerioak. PSOEko Ramon Jauregi izan zen Batzorde horretako presidentea 1978ko irailetik 1979ko otsailerarte. Ondoren, EAJko Iñaki Alkiza izan zen presidentea otsailetik martxoaren bukaerararte.
Urte hartako apirilaren 3an egin zituzten lehen udal hauteskundeak. EAJ izan zen garailea, eta Jesus Mari Alkain izendatu zuten alkate. Bederatzi zinegotzi lortu zituzten jeltzaleek, sei Herri Batasunak, bost Koordinakunde Independenteak (UCD, AP, EKD eta Independenteak), lau PSOEk eta hiru Euskadiko Ezkerrak.
Garaiko La Voz de España egunkariak, hauteskundeen ondorengo egunean, abstentzioa nabarmendu zuen, ondorengo titularrarekin: “Gipuzkoa: Eguraldi txarra eta abstentzio altua”. Bestalde, PSOEk posta bidezko botoei egindako inpugnazioa aipatu zuen egunkariak, “ustezko irregulartasunak” zirela eta.
Ordutik, beste bost alkate
1979ko lehen udal hauteskunde haien ondoren, beste bost alkate izan ditu Donostiak, denak gizonezkoak.
Hurrengo hauteskundeetan, 1983an, EAJko Ramon Labaien izendatu zuten alkate. 1987koetan, EAk lehen aldiz lortu zuen alkatetza, eta Xabier Albistur izan zen Donostiako alkatea lau urtez. PSEko Odon Elorza izendatu zuten alkate 1991. urteko hauteskundeen ondoren, eta 2011. urterarte egon zen gobernuan; orain arte denbora gehien iraun duen alkatea. 2011an, ordea, lehen aldiz ezker abertzaleak eskuratu zuen alkatetza, EH Bilduko Juan Karlos Izagirreren eskutik. Azken hauteskundeak 2015ean izan ziren, eta EAJ itzuli zen gobernura, Eneko Goiaren eskutik.