Donostiak klika egin du
Errekaldetik iritsi da, eta hainbat auzo zeharkatu ondoren, Bidebietatik jarraitu du Gasteiza bidea. Igandean bukatuko da 21.Korrika.
Iritsi da 21. Korrika Donostiara. Errekaldetik sartu da 16:33an eta Añorgan izan du abiapuntua. Hazi fundazioak –Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako fundazioa– hartu du lehen lekukoa eta azken erreleboa hartu du Bidebietako Eltzegor elkarteak. Nerea Arriola izan da furgonetan joan den hizlaria hiriko ia ibilbide guztian zehar, eta giroa ondo baino hobeto animatu du, eguraldi onak lagunduta, giro ezinhobea egon baita hasieratik bukaerara.
Ibaetatik ere igaro da, eta auzoko jai batzordea izan da lekukoa eraman duen eragileetako bat.
Antiguan Txantxarreka gaztetxeko kideak karroza batekin atera dira, eta aldarrikapenez josi dute euren kilometroa.
Bagera elkarteak Mintzalaguna egitasmoaren 25. urteurrena ospatu du bere kilometroan.
Axular Ikastolak lekukoa eraman du Erdialdera bidean.
Txillardegiren bilobek Korrikaren lekukoa hartu dute Grosen.
Zurriola ikastolak bere 50. urteurrena ospatu du Korrikan. Zurriola Ikastolak belaunaldien arteko lotura irudikatu du. Lekukoa eramaten, Jon Arzubialde lehen promozioko ikasle ohia eta Aimar Pineda, 2 urteko ikaslea.
Erdialdean egin du bere kilometroa IRUTXULOKO HITZAk. Nerea Lizarralde zuzendariak eta Igor Lopetegi Hitzakideak eraman dute testigua.
Morlanstarrak auzo elkartearen kilometroa, amara Berri eta Morlans artean, ehunka herritarrez lagundurik.
Jendetza bildu da Amara Berrin eta Loiolako Erriberan Korrika egiteko.
Pepe Rei kazetariak hartu du lekukoa Loiolan, gurpildun aulkiarekin.
Martuteneko bizilagunek ere euskarekiko konpromisoa adierazi dute.
Egiako euskara batzordeak eraman du auzora Korrikaren lekukoa.
Egia kalean, maldan behera arnasa hartu ahal izan dute korrikalariek.
Porrontxoetako Jai Batzordeko kideek lekukoa eraman dute Intxaurrondoruntz, buruhandien laguntzarekin.
Koldo Soret musikariak hartu du lekukoa Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearen izenean.
Sara Majarenas eta Mikel Orbegozo preso ohiek Korrikaren lekukoa hartu dute Intxaurrondon.
Altzania kultur elkarteak hartu du lekukoa Altzan.
Altzako Bizarrain euskara elkartea ez da gutxiago izan eta ederki eraman dute lekukoa.
Korrikak Bidebietako bidea hartu du Pasaiako Portuko zeharbidetik, Altza osoa egin ondoren.
Bidebietako ibilbidea egin ondoren, Trintxerpeko biribilgunetik esan dio agur Korrikak Donostiari, 21:40ak aldera.
IRUTXULOKO HITZAko kazetariak Korrikaren jarraipena egin du. Jarraian ikusgai duzue argazki galeria, auzoz auzo! J