'¡Nae Pasaran!' filmak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Ikusleen Saria
Donostiako 17. Giza Eskubideen Zinemaldiko palmaresa aurkeztu dute, eta hauek izan dira film sarituak: ¡Nae Pasaran! (Felipe Bustos Sierra, 2018) filmak irabazi du Ikusleen Saria Film Luze Onenari. Amnesty Internationalen Saria Teret (Ognjen Glavonic, 2018) filmak eskuratu du. Azkenik, Skin (Guy Nattiv, 2018) filmak irabazi du Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari.
Gaur, apirilak 12, bukatuko da Giza Eskubideen Zinemaldia, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian egingo duten itxiera ekitaldiarekin. Han emango dio Edurne Etxebarria Amnesty Internationalen koordinatzaileak saria irabazleari. Aipatzekoa da Amnesty Internationalen saria Koldobika Jauregi euskal artistaren Bidai luzea eskulturak sinbolizatzen duela.