Ertzaintzaren oldarraldiak eta tentsioa Voxen aurkako protesta antifaxistan
Ertzaintza hainbatetan oldartu da manifestari antifaxisten aurka, hauek Kursaalaren sarrerara hurbil zitezen saihesteko. Voxeko kideek Espainiako banderak astinduz eta hainbat probokazio keinu eginez erantzun dute poliziaren kordoiaren beste aldetik.
Hiriko hainbat eragilek manifestazio antifaxista egin dute goizean Saguesetik abiatuta, Santiago Abascal Vox alderdiko presidenteak Kursaalean eskaini duen hitzaldiaren harira. Faxistak Euskal Herritik kanpora lelopean egin dute protesta, Bulebarrera arte, hainbat eragile, alderdi eta sindikaturen babesarekin, hala nola: Antikapitalistak, Asade, Askapena, Askekintza, CNT, Donostiako Bilgune Feminista, EHGAM, Eleak-Libre, Erletxe, Ernai, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Euskal Herria-Donbass Komitea, Gazte Komunistak, Komite Internazionalistak, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sortu eta Stop Kaleratzeak Bidasoa.
Protesta bukatzerakoan, hainbat herritar berriro ere hurbildu dira Kursaalera, lelo antifaxistak oihukatuz. Ertzaintzak ez die gerturatzen utzi, baina batzuek lortu dute eraikinaren sarrerara hurbiltzea. Une horretan, polizia gehiago heldu dira eta, kordoi bat osatuz, hainbatetan oldartu zaizkie herritarrei. Bultzaka eta borra kolpeekin lortu dute protestan ari zirenak aldentzea, Kursaal barruan Voxeko kideek Espainiako banderak astindu probokazio keinuak egiten zituzten bitartean.
Hainbat oldarraldiren ostean, Voxeko kideentzako irtenbidea zabaldu dute poliziek, manifestariak inguratuz. Irteterakoan, Kursaaleko ekitaldian parte hartu dutenek Voxen eta Espainiako banderak erakutsi dizkiete protestan ari zirenei, eta batzuek dantzan ere hasi dira Ertzaintzaren kordoiaren barruan zeuden bitartean. Antifaxisten artean, berriz, hainbat zauritu egon dira oldarraldien kolpeen ondorioz.
Jarraian, IRUTXULOKO HITZAk protestan zehar jasotako irudien bilduma: