Manifestazio jendetsua egin dute pentsio publikoen defentsan
Gipuzkoako Pentsiodunen Elkarteak deituta, milaka herritar Donostiako kaleetara irten dira pentsio publikoen defentsa aldarrikatzeko. Gazte mugimenduak eta mugimendu feministak pentsiodunekin bat egin dute Bulebarretik hiriko kaleetan barrena abiaturiko mobilizazioan.
Besteak beste, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIaren araberako urteroko eguneratzea, iraunkortasun faktorearen indargabetzea eta enplegu baldintza duinak eskatu dituzte manifestariek. Protestaren amaierako hitzartzean, emakume eta gizon pentsiodunen arteko arrakala ere nabarmendu dute, emakumeen pentsioa batez beste %41 baxuagoa dela azpimarratuz: “Bidegabekeria horrekin amaitzeko neurriak hartu behar dira”.
Apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeei begira, pentsio publikoen inguruan garatu nahi dituzten politikak zeintzuk diren argitzeko eskatu diete alderdiei. Euren eskaerak banan banan zerrendatuz, egoera behin betiko aldatuko dela bermatu arte protestan jarraituko dutela adierazi dute pentsiodunek.