Herrien arteko besarkada irudikatu dute Egiako parkean

Europa migratzaileentzako harrera gune bilakatzeko aldarriarekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta G7 Ez! plataformek herrien, pertsonen eta giza eskubideen besarkada irudikatu zuten larunbatean, Egiako parkean. Elkartasun ekitaldia Europa mailan deituriko M5 mugimenduaren barruan kokatu zen, eta Europar Batasuna eta G7a osatzen duten herrialdeen migrazio-politikak salatu eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala “zorrotz” bete dadila exijitzea izan zuen helburu.
M5 egitasmoa giza eskubideak errespetatzen dituzten migrazio-politikak eskatzeko jaio da, Gurean, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz Karabana ekimenek sustatuta, eta bere izena maiatzaren 5erako deitu duten ekintzatik datorkio. Egun horretarako, Europako hainbat herrietako plazetan bildu eta elkar besarkatzera deitu dituzte herritarrak; Euskal Herrian, hitzordua Durangon izango da, 12:00etan.
Jarraian, larunbateko ekitaldiko antolatzaileek idatzitako oharra:
EBren eta G7 osatzen duten herrialdeen migrazio-politikek, mugak kontrolatu eta migrazio-mailetan limiteak ezartzeko helburuak dituzte; mugetan kontrolak jarriz, itzulera eta onartze eskemak kontrolatuz, hesiak eraikiz, Giza Eskubideak urratzen dituzten gobernuekin akordioak sinatuz… Arazoari konponbide duin bat eman beharrean, pertsonen joan etorria gero eta gehiago mugatzen ari dira mugak itxiz eta Europa gotorleku erraldoi bat bihurtuz.
G7ak eta EBk garapen ekonomikorako dituzten politika kapitalista hauek hilkortasuna bultzatzen dute eta iristeko bide seguruak eta legalak ezabatzen dituzte. Nahiz eta migrazioa mugatzeko neurriak hartu, pertsonek mugitzen jarraituko dute, pertsonen eskubidea delako eta arrazoi anitz dutelako, bidean topa ditzaketen hesiak baino sendoagoak direnak.
Salatzen dugu Europako krisi sozial eta ekonomikoaren errua migrazioari egozten dion eta krisi honetan Europako eliteak duen erantzukizuna ezkutarazten duen diskurtsoaren manipulazioa eta gezurra.
Salatzen dugu EBk, europar gobernu guztiek eta enpresa transnazionalek migrazio-exodoan duten erantzukizuna: heriotzak, tratu gizagabea, esklabotza, deportazioak, zapalkuntza, diskriminazioa eta indarkeria, bereziki basatia emakume, adingabe eta LGTBI pertsonen aurka Europarako bidaian eta Europan bertan.
Exijitzen dugu zorrotz bete dadila Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, migratzaile guztiek askatasunez mugitzeko aukera izan dezatela eta Europan bizi garen gainerakoen eskubide berberak izan ditzatela.
Exijitzen dugu bertan behera gelditu daitezela mugen externalizazioa, europar armagintza eta arma-salmenta, baliabideen harrapaketa eta lurren lapurreta, eta errotik alda daitezela politika ekonomiko eta komertzialak.
Exijitzen ditugu giza eskubideekin bat datozen migrazio politikak, kanporatzeen etetea eta euren lurretatik migratu nahi dutenentzako igarobide segurua.
Exijitzen ditugu beharrezko baliabideak aurrean dugun erronka etiko, humanitario eta demokratikoari erantzuna emateko, elkartasunez harrera emateko Euskal Herrira datozen pertsonei eta euren integrazioa sustatzeko berdintasunaren oinarritik.
Ezinbestekoa da gaur egun bazterkeriazko eta gaitzespenezko politika instituzional arrazista horiei aurre egitea, Europa sozialaren porrotaren, eskubide-murrizketaren eta demokraziaren krisiaren aurrean eskuin muturreko indar neofaxistek eta haien jarraitzaileek proposatzen duten bizimodu gizagabea geldiarazteko eta Europan ezartzen ez uzteko.
Hau sinatzen dugun erakundeok bat egiten dugu #5M # Herrien, pertsonen eta Giza Eskubideen besarkada Europako ekimenarekin. Gurean, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz Karabana ekimenek sustatu dute egitasmoa, eta hitzordua 2019ko maiatzaren 5ean izango da, 12:00etan, Durangon. Bizitza eta giza eskubideak ardatz hartu, eta duintasunez bizi eta migratzeko eskubidea aldarrikatzen du aipatutako ekintzak, Europako hauteskundeetan gailentzen ari den postfaxismoaren aurrean.
G7ren aurka mobilizatzera goaz sinbolizatzen duen mundua errotik aldatu behar delako lehenbailehen. Hori dela eta, Donostiatik dei egiten dugu, abuztuan Biarritzen bertan egingo duten G7aren aurka mobilizatzera. 2019ko gailurrak berezitasun garrantzitsu bat izango du: Euskal Herrian izango dela; hots, kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituta eta bizirik dauden lurralde batean. Horrenbestez, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko mobilizatuko gara, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri.