Udal lanpostu batzuen deialdian euskara baldintza gisa jarri ez dutela salatu du Bagerak

Donostiako Etxegintza enpresa erakunde publikorako hiru teknikari lanposturako deialdiaren oinarrietan euskara beharrezkoa izango ez dela salatu du Bagerak ohar baten bidez. Euskaldunon eskubideak errespetuak izan daitezen, lan deialdi publikoetan euskara eskakizun gisa agertu behar dela adierazi du Donostiako euskaltzaleen elkarteak.
Zentzu horretan, Bagerak euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoari eusteko beharra azpimarratu du: “Administrazioa euskalduntzea ez da txartelak edo inprimakiak elebidunak izatea soilik, komunikazioa euskaraz izateko bideak ezarri behar direla argi dugu”.
Gainera, herritarren hizkuntza eskubideei dagokienez, udalak legez ezarritako betekizunak dituela gogoratu dute elkartetik, administrazioetako langileek euskararen gaitasun egokia lortzea erakunde publikoen helburu nagusiena izan behar duela nabarmenduz.
Era berean, euren hizkuntza eskubideen defentsan horrelako gertakizunen aurrean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, udal erregistroan edo Bageran kexak erregistratzera gonbidatuz.