XVIII. Lugaritz-Ikertze Ipuin Lehiaketa egingo dute Antiguan, Axpiren ilustrazioetan oinarrituta

Lugaritz kultur etxeak eta Ikertzek 18. aldiz antolatu dute Antiguako gaztetxoentzako ipuin lehiaketa. Honakoan, Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’ artistaren ilustrazioetan oinarritu dute egitasmoa, eta parte-hartzaileek marrazki horietatik sortu beharko dituzte euren istorio eta kontakizunak.
Lehiaketa Antiguako ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzendua, eta neska-mutilen artean irakurtzeko eta idazteko ohitura sustatzea du helburu, ilustrazio-lanari balioa ematearekin batera.
Idazle gazteek Lugaritz kultur etxean ikusi ahal izango dute Axpiren ilustrazio bilduma, eta ipuin bat idatzi beharko dute ilustrazio horietako batean edo zenbaitetan oinarrituta. Behin idatzita, sorturiko lanak lehiaketaren zuzendaritzarekin partekatuko dituzte Google Drive bidez, apirilaren 29a baino lehen. Idatzien lehen balorazio bat egin ostean, zuzendaritzak ipuin sorta bat bidaliko die epaimahaia osatuko duten ikasleei, irabazlea zein izan behar den erabaki dezaten.
Lehiaketa amaitzeko, sari-banaketarako ekitaldia egingo da Lugaritz Kultur Etxean, ekainaren 14an. Axpiren ilustrazioak Mozoloaren bidea izeneko erakusketan ikusi ahal izango dira, apirilaren 17tik ekainaren 14ra, Lugaritzen. Lehiaketaren baldintzak esteka honetan kontsultatu daitezke.
Jarraian, Axpiren Mozoloaren bidea bildumako ilustrazioak:
















