David Zurutuzak azken denboraldi baterako luzatu du Realarekin duen kontratua
2020ko ekainaren 30era arte luzatu du Realarekin duen akordioa, eta hura amaitzean taldea utziko duela jakinarazi du Rochefortekoak.
David Zurutuza Realeko jokalariak beste urtebetez luzatu du Realarekin duen kontratua, 2020ko ekainaren 30era arte, eta datorrena klubean jokatuko duen azken denboraldia izango dela iragarri du. Jokin Aperribay presidentearekin batera eskainitako prentsaurrekoan, akordioarekin pozik agertu da Rochefortekoa (Frantzia), taldean eraikitzen ari diren proiektuan parte hartzen jarraitzeko gogoa duelako.
Reala bigarren mailan zegoela egin zuen Zurutuzak bere debuta talde donostiarrarekin, 2008an. Geroztik, pisu handiko jokalaria bilakatu da taldekide eta zaleentzat, eta taldeak lorturiko igoeraren eta Europarako sailkatzeen arduradun nagusienetako bat izan da.