Joseba Elosegiren eta Karmele Esnalen izenak gehituko dituzte kale izendegira
Legealdi honetako azken udalbatzak kale izendegiari lotutako EH Bilduren bi proposamen onartu ditu gaur. Batetik, San Bartolomeko begiratokiari Joseba Elosegi militante antifaxistaren izena jartzea erabaki dute zinegotziek, eta bestetik, Groseko plaza bati Karmele Esnal ikastolen sustatzaile eta euskaltzalearena jartzea onartu dute.
Elosegi Donostian jaio zen, 1915ean, eta 36ko gerran borrokatu zuen Euzko Gudarostean. Franco diktadorea hil ostean, EAJko senataria izan zen, eta 1986tik aurrera EAko kide izatera pasa zen, alderdi nazionalistaren zatiketaren ondorioz. Besteak beste, 1970eko irailaren 19an bere buruari su eman eta Donostiako Atano III.a pilotalekuan Francoren gainera bota izanagatik da ezaguna.
Karmele Esnal, berriz, Orion jaio zen, 1932an, baina haurra zela etorri zen Donostiara bizitzera. Maistra-ikasketak egin ostean, irakaskuntzan hasi zen lanean 1950eko hamarkadan, Elbira Zipitriaren eskutik. Ikastolen sustatzaile garrantzitsua izan zen hirian, eta 1965az geroztik Santo Tomas Lizeoan egin zuen lan, bere erretirora arte.