Aihen Muñozek 2022a arte luzatu du Realarekin duen kontratua
Aihen Muñoz Realeko futbol jokalari gazteak klubarekin duen kontratua 2022ko ekainaren 30a arte luzatu du, Realak jakinarazi duenez. 2020ko ekainaren 30ean bukatzen zen Muñozek zuen kontratua, baina bi urte gehiago luzatzeko akordiora iritsi dira kluba eta jokalaria. Horrekin batera, datorren denboraldian lehen taldeko jokalaria izango da Etxaurikoa, orain arte bigarren taldeko fitxa zuen eta.
Denboraldi ona egiten ari da Muñoz, joan den urtarrilean, 21 urterekin, Santiago Bernabeu estadioan Real Madrilen aurka garaipenarekin debuta egin ondoren. Azken partiduetan Imanol Alguacil entrenatzailearen konfiantza irabazi du, eta taldearen ezker hegalean titularra izaten ari da, Real Madrilek utzitako Theo Hernandezen ordez.
Pozik agertu da Muñoz kontratuaren luzapenarekin, eta Realean jarraitzea “ohore bat” dela adierazi du. Gainera, Realean ibilbide luze bat izan nahi du Etxaurikoak: “Hau hasiera da. Jokalari gisa hezitzen jarraitu nahi dut eta horretarako leku ezinhobea da Reala”.