Donostiak 187.000 biztanle baino gehiago ditu lehen aldiz
2018ko abenduaren 31ko erroldaren datuak eman ditu Eneko Goia Donostiako alkateak, eta 2018a 187.418 biztanlerekin itxi zen, 2017an baino %0,4 gehiago, 186.667 biztanlerekin itxi baitzen urte hori. Gainera, datuen arabera, 187.000 biztanletik gora ditu hiriak estreinakoz.
Hiritarren batez besteko adina ere igo da, 2017an 45,71 urtekoa zen bitartean, 2018ko datuetan 45,87 urtekoa baita. Erdialdea eta Gros dira batez beste adin altuena duten auzoak (49 urte), eta Aiete eta Ibaeta dira adin baxuena dutenak (42 urte). Bestalde, datuen arabera, hiriko pertsona helduenak 107 urte ditu.
Donostian gizon baino emakume gehiago bizi direla nabarmendu du Goiak, biztanleen erdia baino gehiago (%52,8) emakumeak baitira. Gainera, gizonak baino urte gehiago bizi dira emakumeak Donostian, izan ere, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen %59,8a emakumeak dira. Bestalde, Amara Berri, Erdialdea, Altza eta Gros dira emakume gehien bizi diren auzoak.
Auzoekin jarraituz, biztanle kopuruan aldaketa gutxi eman dira. Amara Berrik jarraitzen du jendetsuena 30.479 biztanlerekin, 2017an baino 130 gehiago; eta Zubietak jarraitzen du izaten jende gutxien bizi den, 287 biztanlerekin. Bestalde, Txomineko errolda berria dela eta, Loiola da gehien hazi den auzoa, 2017an baino 175 biztanle gehiago baititu.
Atzerritarrak
%8,9 handitu da atzerritarren kopurua Donostian 2018an, aurreko urtean baino 1.175 gehiago daude eta. 133 herrialdetako 14.375 atzerritar daude hirian erroldatuta, eta biztanleria osoaren %7,7 dira, 2017an baino %0,6 gehiago.
Ameriketatik iritsitakoak dira hirian erroldatzen diren atzerritar gehienak, kontinente horretako 7.177 pertsona erroldatu baitziren 2018an Donostian. Honduras, Nikaragua eta Maroko dira herrilade ordekatuenak hirian, 1.971, 1,697 eta 984 pertsonekin, hurrenez-hurren.
Jaiotza-tasa eta zahartze-indizea
Jaiotza-tasa igo egin da azken urtean, 2017ko datuekin alderatuz. Izan ere, 2017an, 1.000 biztanlekiko 6,95 jaiotza egon ziren bitartean, 2018an 6,98 egon ziren. Hau da, zero urteko 1.309 umerekin itxi zen 2018a, 2017an baino 12 gehiago baina 2008an baino 247 gutxiago. Bestalde, Mirakruz-Bidebieta auzoa da tasa altuena duena (8,49), Amara Berri (8,17) eta Loiola (8,06) jarraian daudelarik. Baxuena, ordea, Zubietak du, 2018an ez baitzen inor jaio. Martutenek (5,44), Intxaurrondok (5,44) eta Igeldok (5,64) jarraitzen diote.
Zahartze-indizeak, aldiz, gora joaten jarraitzen du, eta 15 urte baino gutxiago dituen pertsona bakoitzeko, 65 urte baino gehiago dituen 1,94 biztanle ditu Donostian, 2017an 1,88 zituen bitartean. Erdialdea da indize altuena duen auzoa, 3ko proportzioa baitu, eta Gros dago jarraian, 2,94ko proportzioarekin. Aiete da indize baxuena duena, 1,12ko poportzioarekin, eta Ibaetak jarraitzen dio, 1,17koarekin. Bestalde, Donostiarren %23,94ak 65 urte baino gehiago dituzte, %21,71ak 25 urtetik behera dituzten bitartean.