Martuteneko futbol zelaiko belarra udan aldatuko dute

Duela hilabete batzuk, Martuteneko futbol zelaiko belarra aldatzeko proposamenak aurkezteko epea zabaldu zuen Donostiako Udalak, lizitazio publikoaren prozesuaren barruan. Epe hori bukatu da, eta Fielturf Poligras, Obras y Pavimentos Especiales eta Pocana 2011 enpresak izango dira lanak aurrera eramateko lizitatuko dutenak.
335.000 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko epea izango dute enpresa horiek proiektuarengatik lehiatzeko. Donostia Kirola erakundeak lanak udan egitea aurreikusten du, zelaia prest egon dadin datorren kirol denboraldirako.
Bestalde, Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak gogoratu du iaz Berioko futbol zelaiko belarra ere berritu zutela. Horrekin batera, Cesar Benito eta Matigoxotegi futbol zelaietako belarra ere aldatzeko asmoa dutela adierazi du, eta baita Altzako Merkear inguruan beste zelai bat eraikitzekoa ere.
1997an eraiki zuten Martuteneko futbol zelaia, hondar futbol zelai zaharraren gainean. Gaur egun Martutene KE klubak kudeatzen du, eta 2013an belarra aldatu bazioten ere, erabilera handiko zelaia denez –45.000 erabilera 2018an–, aldaketa berri bat behar du.