Beste hamar urteko kontzesioa lortzeko jarduerak egingo dituzte Guardetxean
2009. urtean eskuratu zuen Bandabat elkarteak Guardetxea kudeatzeko hamar urteko kontzesio publikoa, eta, azken hamar urteetan, kontzertuak eta askotariko kultur jarduerak egin dituzte. Maiatzaren 16an, ordea, kontzesioa bukatuko zaio elkarteari, eta beste hamar urtez Guardetxea kudeatzeko lehiaketa publikora aurkeztuko dira. Horregatik, hainbat jarduera egingo dituzte larunbatean, apirilaren 27an, eta bildutako diru guztia proiektua bultzatzeko izango da.
Iker Beñaran Bandabat elkarteko kideak azaldu duenez, kultur jarduerak egiteko espazio bat da Guardetxea, eta orain arte egin dituzten jarduerak egiten jarraitu nahi dute elkarteko kideek. Elkarteak filosofia irekia duela gehitu du Beñaranek, eta Guardetxean proiektu bat aurrera eraman nahi duen edonorekin hitz egiteko prest daudela: “Guk daramagun filosofia jendeak parte hartzearen aldekoa da. Beraz, edonork Guardetxean zerbait egin nahi badu, proiektu bat aurrera eraman nahi badu edo zerbait aldatu nahi badu, ez dago inongo arazorik; asanbladara etorri dadila, eta guztia hitz egin daiteke”.
Hainbat ikastaro antolatu dituzte goizetik arratsaldera, kontzertuak eta DJ-ak egongo dira gau aldean, eta janaria ere egingo dute. Ikastaroek 10 euroko prezioa izango dute, eta info@guardetxeabandabat.org helbidearen bitartez eman daiteke izena. Jarraian, egun osoko egitaraua:
Ikastaroak:
- 10:30: Dantza familian.
- 11:30: Zumba.
- 12:30: Dantza garaikidea.
- 16:00: Zirkua.
- 17:30: Musika eta mugimendua.
- 18:30: Dantza afrikarra.
Kontzertu akustikoak, 20:00etatik aurrera:
- Juju in love.
- Tacumah akustik.
- Kaxueira.
DJ-ak, 22:00etatik aurrera:
- Bombadil.
- Magnolia.
- Beñaranks.
- Anderetx THG.
- Tuber THG.