30. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartela aurkeztuko dute
Maiatzaren 5ean aurkeztuko dute urriaren 27tik azaroaren 2ra Donostian egingo duten 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartela, Antzoki Zaharrean. Kartela aurkezteaz gain, Napardeath filma ere estreinatuko dute. 19:00etan izango da ekitaldia, eta gonbidapena eskatu behar da leihatilan.
Beñat Iturriozen filma da Napardeath (2019), eta aurretik egindako Ataun Of The Dead (2011) eta Joxean’s Hil Eben (2014) filmekin lotura zuzena du. Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas zientzialari karlistek Zumalakarregi berpiztu zuten lehenengo filmean, eta baita ataundar guztiak zonbi bihurtu ere. Bigarren filmean, XIX. mendean hildako soldadu karlistak berpiztu zituzten zientzialariek eta Alderdi Nazionalista Banpiroa garaitu zuten. Hirugarren film honetan, Zumalakarregi zonbia Iruñeara abiatuko da, euskaldun guztien errege izateko asmoz. Ezker abertzaleak, ordea, Antso Azkarra Momia berpiztuko du, Nafarroako Erresuma eskuratzeko lehian arituko dira.