Larri zauritutako gazte bat ospitaleratu dute eta zazpi pertsona atxilotu dituzte
Donostiako Udaletxearen eta Klub Nautikoaren arteko bidean 5:00ak inguruan izandako borroka batean jasotako kolpeen ondorioz, 17 urteko mutil bat ospitalera eraman dute, eta zazpi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, lesio larriak eragitea leporatuta.
Borrokaren ondoren, anbulantzia iritsi da, eta bihotz-biriketako suspertze ariketak egin dizkiote gazteari, ondoren ospitalera eramateko. Beste bi pertsona ere zaurituak izan dira, larri zauritutako gaztea laguntzera joan direnean. Zauri arinekin ospitalera eraman dituzte biak, eta alta jaso dute ondoren.
EFE berri agentziari polizia iturriek adierazi diotenez, larri zaurituta ospitalean dagoen gazteak ez dauka arma zorrotzez egindako zauririk. Gertatutakoaren harira, honakoa adierazi dute Donostiako Udaleko bost udal taldeek:
- Elkartasuna, gertutasuna eta maitasuna justifikaziorik gabeko erasoa jasan duen biktima gaztearen senideei.
- Horrelako bortizkeria kasu hauen aurrean gaitzespenik irmoena. Izan ere, ez dute izateko arrazoirik eta bakarrik jasaten dutenari zentzurik gabeko mina sortzen diote.
- Konfiantza, Ertzaintzaren ikerketak erasoaren inguruan gertatutakoa argitzeko, eta ardurak eta ondorioak zehazteko.