Hil egin da udaletxe ondoan larri zauritu zuten gaztea
Ostiral goizaldean borroka batean larri zauritu zuten 17 urteko gazte donostiarra hil egin da. Donostiako Udaletxearen eta Klub Nautikoaren arteko bidean borroka bat izan zen hainbat gazteren artean, eta han zauritu zuten. Koman egon da Donostiako ospitalean, eta gaur zendu da Berria egunkariak jakinarazi duenez.
Erasoarekin loturiko zazpi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, 18 eta 25 urte bitartekoak. Atzo arratsaldean eraman zituzten epailearen aurrera, eta atxiloaldia luzatzeko erabakia hartu zuen epaileak. Ostiralean 05:00etan atzeman zituzten, eta 72 ordu eduki ditzakete atxilotuta. Froga batzuk aztertzen ari dira, eta ondo bidean, bihar goizean pasako dira epailearen aurretik.
Donostiako Udaleko bost udal taldeek erasoa gaitzetsi eta adierazpen bateratua plazaratu dute. “Elkartasuna, gertutasuna eta maitasuna” adierazi die “justifikaziorik gabeko erasoa” jasan duen biktima gaztearen senideei. Era berean, horrelako bortizkeria kasuen aurrean “gaitzespenik irmoena” egin dute. “Izan ere, ez dute izateko arrazoirik eta bakarrik jasaten dutenari zentzurik gabeko mina sortzen diote”.