Gaztearen heriotza gaitzetsi dute ehunka pertsonak
Ehunka pertsona bildu dira Alderdi Ederren gaur arratsaldean, hildako 17 urteko gazte donostiarraren heriotza gaitzetsi, eta senide eta lagunei elkartasuna adierazteko. Atzo hil zen ospitalean ostiral goizaldean borroka batean larri zauritu zuten 17 urteko gazte donostiarra. Herritar andana elkartu da udaletxearen aurrean, eta han izan dira ere Udal gobernuko ordezkariak. Udalbatzak aho batez adostu du elkarretaratzea, eta adierazpen bateratua plazaratu du.
Txalo zaparrada batekin eman diote amaiera isilune luze eta hunkigarri bati Alderdi Ederren bildutako pertsonek, eta hainbat aldarrikapen ere entzun dira. “Segurtasuna nahi dugu gure seme-alabentzat!”, oihukatu du emakume batek.
Erasoarekin loturiko zazpi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, 18 eta 25 urte bitartekoak. Larunbat arratsaldean eraman zituzten epailearen aurrera, eta atxiloaldia luzatzeko erabakia hartu zuen epaileak. Eneko Goia alkateak jakinarazi du Ertzaintzak atxilotutako gazteak epailearen esku daudela, eta ikerketak “jarraitu beharreko bidea” jarraituko duela gaineratu du.
Sare sozialetan mezu ugari zabaldu dira atxilotutako gazteek atzerriko jatorria dutela nabarmendu dutenak, eta hildako gaztearen amak gorrotoa baztertzeko eskatu dio gizarteari epaitegitik atera berri ETBri egin dizkion adierazpenetan. Era berean, agintariei “benetako gizarteratzea” bultzatzeko neurriak eskatu dizkie. Alderdi Ederren egindako elkarretaratzean Fatima Hasim Basharen hitzak berretsi ditu Eneko Goia alkateak, eta zabaldutako mezu arrazistak gaitzetsi ditu: “Horrelako gertaerak erabiltzea beste helburu batzuekin, eta gure artean mezu arrazistak zabaltzen saiatzeko, ez da zuzena inondik inora. Portaeran jarri behar dugu azentua, eta portaera horiek onartezinak dira gure hirian eta edonon, egiten dituenak egiten dituela”.
Alkateak hildako gaztearen amak egindako adierazpenen balioa nabarmendu du, eta “izugarrizko eskuzabaltasuna” adierazi duela esan du. “Horrelako galera bat izan ondoren, amaren mezuak ‘zer egin dezakegu berriro ere hau gerta ez dadin?’ eta ‘zer egiten ari gara gaizki?’ izan dira. Gogoeta hori eta gorrotoaren aurkako mezu horiek zabaltzeak ikaragarrizko eskuzabaltasuna adierazten du”, gaineratu du Goiak.