Irabazi Donostiak beraien antzeko izena duen zerrenda bat salatu du
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara Irabazi Donostia Si se puede (Ganemos) izeneko hautagaitza aurkeztu da, eta horren inguruko oharra plazaratu du Irabazi Donostiak. Egungo koalizioarekin loturarik ez duela adierazi dute, eta salatu hautesleak nahastea duela helburu. Ezker Anitza, Equo eta independenteek osatzen dute Irabazi, eta udal hauteskundeetan Elkarrekin Podemos-ekin koalizioan aurkeztuko dira.
Aipaturiko hautagaitza horrek “iruzurra” egin nahi duela adierazi dute Amaia Martin eta Loic Alejandro Irabaziko zinegotziek. “Azken lau urteetan egin dugun lana aprobetxatu nahi dute ordezkariak lortzeko udalean”. Horrela, inpugnatu egin dute hautagaitza hori, eta espero dute Hauteskunde Batzordeak baztertzea.
Donostiako kasua ez dela bakarra gaineratu dute. Kordoban (Espainia) gertatu dena jarri dute eredu. “Ganemos En Comun Cordoba hautagaitzak lortu du, Ganemos Cordoba izeneko beste hautagaitza baztertzea”.