Parte Zaharreko ostalaritzako 209 langile euskara ikasten hasi dira
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Erraza da proiektu pilotua jarri du martxan Parte Zaharreko establezimenduetan, ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko helburuz. Egitasmo hau jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua dago, eta 71 establezimendutako 209 langile animatu dira egitasmoan parte hartzera.
Apirilaren 23an hasi ziren euskarazko lehen hitzak ikasten, eta asmoa da egunean bi hitz edo esamolde ikastea. Horrela, hiru hilabeteren buruan 200 hitz edo esamolde ikasiko dituzte. Oinarri horrekin, egitasmoan parte hartuko duten langileak gai izango dira bezeroak eskatzen duena ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko.
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak begi onez ikusi du egitasmoa, euskara ez dakiten langile asko ari baitira lanean sektore horretan. Hori dela eta, ostalaritzako profesionalak egitasmo pilotu honetan parte hartzera animatu ditu. Era berean, Parte Zaharreko Ilazki eta Legazpi 6 euskaltegiak unitate didaktiko berria prestatzen aritu dira, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Bi euskaltegi horietako ordezkariak baikor ageri dira proiektuarekin: “Orain arte euskaltegira etorri ez diren langile horiek euskarara hurbiltzeko balioko baitu. Zerbait erraza eta eraginkorra egiten saiatu gara”.
Langileen %80k eta establezimenduen %85ek parte hartuko dute
Parte Zaharreko ostalaritzako establezimendu guztiak bisitatu dituzte egitasmoaren berri emateko, guztira 153 establezimendu. Udalak jakinarazi duenez, horietatik, 69tan jendaurrean lan egiten duten langileak gai dira bezeroek euskaraz eskatzen dutena ulertzeko. Beraz, Erraza da egitasmoan parte hartzeko baldintzak 84 establezimenduk betetzen dituzte, eta horietatik 71 establezimenduk, %85ek, ekimenean parte hartzea erabaki dute.
Era berean, bisitatu diren establezimenduetan 599 pertsonak lan egiten dute jendaurrean eta, horietatik, 263 ez dira gai bezeroak euskaraz eskatzen duena ulertzeko. Erraza da egitasmoa aurkezteko bisitak egin ondoren, 263 langile horietatik 209k erabaki dute euskara ikasten hastea, %80k hain zuzen.
Ulermen mailari dagokionez, Miren Azkarate Euskarako zinegotziak honako datuak nabarmendu nahi izan ditu: “Parte Zaharreko 69 establezimendutan, establezimenduen %45, egitasmoa ez da beharrezkoa bertako jendaurreko langileak euskaldunak edota euskara ulertzeko gaitasuna dutenak direlako. Horrez gain, kontuan hartu behar da langileen %55 gai dela bezeroak euskaraz eskatzen diona ulertzeko eta elkarrizketa sinple bat izateko”. Gaineratu du proiektu pilotuaren hasiera ezin hobea izan dela: “Sektorean lanean ari diren jendaurreko langileak euskarara erakartzeko helburua genuen eta hori ondo baino hobeto lortu dugula dirudi. Egitasmo erraza eta erakargarria da beraientzat, neke handirik gabe burutzeko modukoa, eta espero dugu eraginkorra izatea”.
Euskara ikasten hasteko aukera
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak azpimarratu du bezeroen eta langileen arteko lehen hitzak zerikusi handia duela hizkuntza hautuan. Horregatik, bezeroa agurtzea Kaixo! esanez edo Zer hartu nahi duzu? galdetuz oso garrantzitsua dela baieztatu dute, hasierako agur horrek euskararen erabilera “ikaragarri” errazten du eta. Ostalaritzako langile askok ez dakite euskaraz, eta askori zaila egiten zaie euskaltegira joatea. Hori dela eta, Euskara Zerbitzuak euskara ikasten hasteko aukera ostalaritza establezimenduetara eraman du egitasmoaren bitartez.
Erraza da ekimenean parte hartuko duten ostalariek hainbat material jasoko dituzte. Alde batetik, 200 hitz eta esamolde jasotzen dituen hiztegitxo bat, lanerako baliagarri egingo zaizkien hitzak jasotzen dituena. Bestetik, hautazkoa den txapa janzteko aukera izango dute, euskara ikasten ari diren mezua daukana. Bestalde, ekimenean parte hartuko duten establezimenduek urteko egutegi bat jaso dezakete, egunean parte-hartzaileak ikasten ari diren hitz edo esamolde bat jasoko duena.
Azkaratek herritarren paperi buruz hitz egin du, eta nabarmendu du herritarrok proiektuan laguntzeko aukera: “Bezeroak garen neurrian, Parte Zaharreko tabernetako zerbitzariei euskaraz eskatzea garrantzitsua da, ikasten ari direna praktikan jartzeko modu bakarra baita”.