Udaberriko Azoka Gozoa egingo dute asteburuan
Gozoa elkartea sortu berri dute Gipuzkoako 24 obradorek, eta maiatzaren 3, 4 eta 5ean antolatu dute lehen jarduera, Donostiako Bulebarrean: Udaberriko Azoka Gozoa. Gozo artisauak erakutsi eta saltzea da azokaren helburua.
Elkarteko 12 obradorek hartuko dute parte: Hernaniko Casa Oa eta Fernando Gozotegia; Andoaingo Iñaxi; Azpeitiako Egaña; Donostiako Maitiana, Oiartzun, Geltoki, Garikano, Aramendia eta ChocArte; Tolosako Rafa Gorrotxategi eta Berako Sarobe, hain justu. Bulebarreko Kioskoaren ondoan jarriko duten etxola batean egingo dute azoka, 16:00etatik 20:00etara ostiralean, eta 11:00etatik 20:00etara larunbat eta igandean.
Iaz ere egin zuten horrelako azoka bat, baina Garen enpresarien elkarteak antolatu zuen. Garenek bultzatu du gozogile artisauek sortu duten Gozoa elkartea, eta, Lorena Gomez Gozoako presidentearen arabera, “beroketa” izan zen iazkoa. Adierazi duenez, 12.000 pertsona baino gehiago ibili ziren azokan iaz, eta aurten hori berdintzea espero dute. Bestalde, jendea azokara joatera animatu du Gomezek, gozo artisauak kontsumitzeari beldurra galdu behar zaiola esanez: “Jendeak galdu egin behar dio beldurra artisau-gozogaiak kontsumitzeari. Alde batetik gure lau produktu oinarrizkoak, alegia arrautzak, esnea eta eratorrikoak, irina eta azukrea gizakiaren elikadura kulturaren osagai nagusia izan dira milaka urtetan. Bestalde, produktuen lanketa bera oso gertukoa da eta iraunkortasunaren irizpide zorrotzetan gauzatzen da, hau da, zero kilometroan eta lekuko trazabilitatean”.