XXV. Ibiltarien Astea egingo dute maiatzean
Maiatzaren 5etik 10era egingo dute aurtengo Donostiako Ibiltarien Astea Intxaurrondo Kultur Etxean, eta 25 urte beteko ditu. Helena Taberna eta Oraitz García (Zaporeak elkartea), Iñaki Caperochipi, Mamen Etxaniz, Chechu Pajares, Ingrid Sanz eta Andrés Melero izango dira aurtengo jaialdian izango diren bidaiariak. Jarraian, Ibiltarien Asteko film emanaldien egitarau osoa:
-
Maiatzak 5 (18:30): Sueños y Sabores, Helena Taberna eta Oraitz García (gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz).
Zaporeak elkarteak elikagai duinak prestatzen ditu egunero Atenaseko Victoria Social Centerren pertsona errefuxiatuen artean banatzeko. Janariaren bitartez lortzen dute eguneroko latzetik babestea euren herrialdeetatik ihes egitera behartuak izan diren ehundaka pertsona. Zaporeak eta ametsak indartu egiten dira gazteenen artean eta itxaropenaren atea zabaltzen da.
-
Maiatzak 7 (20:00): Papua Nueva Guinea, Iñaki Caperochipi (gaztelaniaz).
Australiatik iparraldera dagoen Papua Ginea Berria herrialde benetan ezezaguna da. Bidaia luzea eta garestia den arren, bertako tribu eta erritualak arrazoi sendoak dira irla bisitatzeko: udan ‘Sing Sing’ izeneko jaialdia antolatzen dute, Papuako eta inguruko irletako laurogei tribu elkartzen dituena. Musikak, koloreak eta han bizi den giro hunkigarria gogoan geldituko zaizkigu betirako. Sepik ibaia esploratzeak eta Bismarck itsasoko arrezifeetako urpeetan igeri egiteak amaiera ezin hobea ematen diote bidaiari.
-
Maiatzak 8 (20:00): Ruta 66 bizikletan, Mamen Etxaniz (euskaraz).
“Bizitza guztia” darama bizikleta gainean Mamen Etxaniz ‘Kinttela’-k (Azkoitia, 1961). Pasa den ekainean aurreko erretiroa hartu zuen, eta, denbora nahikoa zuela aprobetxatuz, bizikleta hartu eta AEBetako ‘Route 66’ ibilbidea egitera animatu zen, bakar-bakarrik. 3939 kilometro ditu errepideak, eta sei estatu gurutzatzen ditu: Illinois, Missouri, Texas, Mexiko Berria, Arizona eta Kalifornia.
-
Maiatzak 9 (20:00): From Lost to the Desert, Chechu Pajares (gaztelaniaz).
Mendebaldeko Sahara eta Marokoko basamortuan surfaren esplorazioari buruzko dokumentala.
Chechu Pajares eta Nicolás Pinarren proiektua, Aljaz Babnik eta Vicente Romero, Valcof Josu Alcántara eta Pablo Bordas dream teamarekin batera ekoiztuta.
-
Maiatzak 10 (20:00): El vuelo de Apis, Ingrid Sanz, Andrés Melero (gaztelaniaz).
2016ko uztailaren 27an hasi zen proiektu honen ibilbidea. Urtebetez Hego Amerikan zehar ibili ziren, kontinente guztiko heziketa esperientzia eraldatzaileak bisitatuz, ondoren munduan zehar banatzeko asmoz. Esperientziak partekatzeko ekintzari eskolak polinizatzea deitu zioten. Dibertsitatetik eta egia absoluturik gabe, gure seme-alaben heziketa moduari buruz hausnartzera eramango gaitu eta era berean, benetako adibideekin, posible diren beste heziketa moten inspirazio izan nahi du.