Amara Berrin egingo dute aurtengo Janen ibilaldia
Amara Berri esploratzeko ibilaldi bat egingo dute larunbatean, Donostiako Impact Hub-ek urtero antolatzen duen Janen Ibilaldia da. Auzoari begiratu eta hari buruzko eztabaida piztu nahi dute antolatzaileek. Amara Berri osatu eta egituratzen duten elementu horiei guztie erreparatuko diete: kaleak, plazak, eraikinak, azpiegiturak… Eta baita auzoan gertatzen diren gauzei ere: bizipenak, transitoak, trukeak. Eta jakina, auzoan bizi direnei ere bai: euren kezkak, beharrak eta nahiak ere aztertuko dituzte.
Mundu osoan Jane Jacobs urbanistaren omenez antolatzen diren ibilaldietako bat da Donostiakoa. Aurreko urteetan Parte Zaharra, Altza, Loiola, Amara, Gros eta Añorgan egin dituzte. Ibilaldiak doakoak dira, eta helburua da, interes estrategiko eta turistikoetatik harago, auzoko kaleak eta bizilagunak ezagutzea.
Larunbatean elkartuko dira, maiatzaren 4an. Anoetako geltokian hasiko da Janen ibilaldia, 09:30ean. Eta handik Loiolako Erriberara bidea hartuko dute. Auzoko plazak zeharkatu eta Antso Jakitunaren hiribidetik jarraituko dute. Ondoren, Morlansen sartuko dira, eta gero berriz Anoetara itzuliko dira.