Clara Monterok hartuko dio erreleboa Ane Rodriguezi
2018ko abenduan jakinarazi zuen Tabakalerak Ane Rodriguezek Tabakalerako kultur zuzendari kargua utziko zuela, eta otsailean ekin zion Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ordezko bat bilatzeko prozesua. Administrazio Kontseiluak atzo amaitu zuen Kultur Zuzendariaren lanpostua betetzeko hautaketa prozesuari, eta ohar bidez jakinarazi du Clara Montero izango dela Ane Rodriguezen ordezkoa.
Tabakalerak jakinarazi duenez, aurki hasiko da lanean Montero, Edurne Ormazabal zuzendari orokorrak eta Oihana Zarra kudeaketa zuzendariak osaturiko zuzendaritza-taldean. Harekin batera, Kultur Zuzendaritzan hiru arduradun arituko dira: Oier Etxeberria, arte garaikidearen arloko arduraduna, Victor Iriarte, zinea eta ikus-entzunezkoen arloko arduraduna, eta Arantza Mariskal, sorkuntza liburutegiaren arduraduna.
Urtarrilean onartu zuten Tabakaleraren plan estrategikoa, eta besteak beste, bertan jasotako kultur proiektua zehaztu eta exekutatuko ditu Monterok. Era berean, sormen prozesuen sustapena lantzeko, kultura herritarrengana hurbiltzeko programazioa sortzeko eta kulturaren eta industrien garapenean laguntzeko ardurak ere izango ditu zereginen artean.
Monteroren ibilbide luzea
Montero artearekin eta kulturarekin loturiko erakunde eta enpresen sektorean aritua da, eta Tabakalerak azpimarratu duenez, ezagutza eta eskarmentu handiko ibilbidea du proiektuen diseinuan, estrategian eta exekuzioan, bereziki arte garaikidearekin eta ikus-entzunezkoarekin erlazionatutako jardueren esparruan. Gaur egun, Zurich eta New Yorken egoitza duen Galerie Gmurzynska arte-galeriako Garapen- eta Ikerketa-Zuzendaria da, eta bere ardurak dira estrategiaren definitzea eta galeriaren garapenerako artista eta erakusketak proposatzea.
Bere ibilbidean zehar Euskal Herriko hainbat erakunde eta kultur zentrotan egin du lana. Horien artean 2016 eta 2018 urteen artean Azkuna Zentroan izandako kargua, Kultur Programazioaren Arduradunarena, eta zentroaren kultur programaren diseinuan eta antolakuntzan izandako erantzukizuna nabarmendu ditu Tabakalerak. Horrez gain, elkarlan-sare zabala du EAEko, Estatuko eta nazioarteko arte- eta kultur esparruko artista, erakunde eta eragileekin. Kultur erakunde publikoen esparruan Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako Zuzendari izan zen 2013tik 2016ra.
Monterok Tabakalera “errotik” ezagutzen duela baieztatu dute oharrean, izan ere, Jardueren Koordinatzailea izan zen 2008 eta 2011 urteen artean, eta kultur programaren diseinua, plangintza eta exekuzioa egiteaz arduratu zen denboraldi horretan, bereziki arte garaikidearen eta ikus- entzunezkoaren arloetan. Gainera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren Administrazio-Kontseilukide izan zen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Kulturaren Sustapenerako Zuzendari izan zen garaian.