Felix Arrieta: "Orain arte, estatuko alderdi batek gora egiten zuenean, abertzaleek behera egiten zuten"
Felix Arrieta Frutos politologo eta Deustuko unibertsitateko irakaslearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondorengo egoera aztertzeko, eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira gako nagusiak biltzeko: PSOEk izan duen igoera eta horrek PSE-EEn izango duen eragina, EAJ eta EH Bilduk izan duten gorakada, eskuinak bizi duen beherakada eta parte-hartzearen igoera tratatu ditu Arrietak, besteak beste. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai. Bitartean, hona hemen aurrerapen bat:
Hauteskunde orokorrak pasata, zein da gaur egungo egoera?
Espainiako logikatik ikusita, nabaria da alderdi sozialistak izan duen gorakada, eta, eskuinak izan duen fragmentazioa dela eta, Alderdi Popularrak bizi duen jaitsiera. Bi logika horiek, eta ultraeskuina parlamentuan sartu izana dira, nire ustez, hauteskunde hauetako albiste nagusiak.
Fenomeno bitxi bat gertatu da Euskal Herrian, bereziki erkidegoan: Orain arte, estatuko alderdi batek gora egiten zuenean, abertzaleek behera egiten zuten normalean. Boto dualaren fenomeno hori askotan gertatzen zen Espainiako hauteskundeetan, eta hauetan ez da gertatu. Izan ere, nahiz eta alderdi sozialistak gora egin duen, EAJk eta EH Bilduk ere gora egin dute. Elementu hori garrantzitsua da ulertzeko zein perspektibarekin enfokatzen dituzten biek hurrengo hilabeteko hauteskundeak.
Ultraeskuinaren beldurraren aurrean, EAJk eta EH Bilduk gora egin dute. Joera hori mantenduko da?
Nik uste dut Voxek mobilizazioa ekarri duela, eta ikusi beharko dugu mobilizazio horren nondik norakoak zeintzuk izan diren. Baina, Donostiako datuak ikusita, esan daiteke duela lau urteko joera mantentzen dela, udal hauteskundeei dagokienez behintzat. Hau da, EAJ mantentzen da lehenengo indar gisa, sozialistak ere indartzen dira, eta EH Bilduren igoera bat markatzen du, nahiz eta hirugarren indar gisa mantentzen den. Termometro bat izan daiteke udal hauteskundeei begira, baina termometro bat baino ez.