Hauteskundeen emaitzak, auzoz auzo
EAJk lortu zituen boto gehien Donostian, apirilaren 28ko hauteskundeetan. Parte hartzea %75,18koa izan zen, 2016ko hauteskundeetan baino %6,7 gehiago.
PSOEk irabazi zituen igandean Espainiako Kongresurako hauteskundeak. Hego Euskal Herrian EAJk lortu zituen eserleku gehien, eta Donostian ere jeltzaleek jaso zituzten boto gehien. Parte hartzea %75,18koa izan zen, 2016ko hauteskundeetan baino %6,7 gehiago.
Hona hemen, auzoetako eta hiriko emaitzak:
Donostiako emaitzak:
1. EAJ (30.922)
2. PSE-EE (23.324)
3. Elkarrekin Podemos (19.802)
4. EH Bildu (16.740)
5. PP (9.263)
6. Cs (5.085)
7. Vox (3.016).
Aurreko bi hauteskundeen emaitzak
Aurreko legealdiaren bukaeran, bi hauteskunde orokor jarraian egon ziren; lehena 2015ean eta, alderdiak gobernua osatzeko ados jarri ez zirenez, bigarrena 2016an izan zen. 2015eko hauteskundeetan, bozkatzera deituta zeuden donostiarren %72,47ak eman zuen botoa, eta Podemos-Ahal Dugu alderdia gailendu zen, bozen %25,95arekin (27. 478 boto). EAJ izan zen bigarrena bozen %21,62a eskuratuz (22.890 boto), PSE-EE hirugarrena bozen %14,23arekin (15.062 boto), PP alderdiak bozen %13,99a lortu zuen (14.812 boto), eta EH Bilduk bozen %13,67a eskuratu zuen (14.476 boto).
2016ko hauteskunde orokorretako berritasun nagusia, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Batua (EB-IU) eta Equo alderdiek osatu zuten koalizioa izan zen. Bestalde, PPk gora egin zuen Donostian, PSE-EEk baino boto gehiago eskuratuz, eta parte-hartzea jaitsi egin zen, bozkatzera deituta zeuden donostiarren %68,48ak bozkatu baitzuen. Aipatu koalizioa gailendu zen hauteskunde horietan, bozen %28,53arekin (28.354 boto). Hau da, Podemos-Ahal Dugu alderdiak aurreko hauteskundeetan bakarrik aurkeztuta baino 876 boto gehiago lortu zituen koalizioak, nahiz eta 2015ean Ezker Batuak 3.296 boto lortu. Bestalde, EAJ izan zen Donostiako bigarren alderdia berriz ere, bozen %21,64a eskuratuz (21.512 boto), PP izan zen hurrengo alderdi bozkatuena bozen %15,65arekin (15.555 boto), PSE-EE izan zen laugarrena bozen %15,53 lortuz (15.439 boto), eta EH Bildu gelditu zen bosgarren bozen %12,12arekin (12.044 boto).