Turismo ereduaren aurkako elkarretaratzea egingo dute Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren aurrean
Hiriko turismoaren desazkundea sustatu nahi duen Bizilagunekin plataformak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, egun horretan Donostian egingo den Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren lehen jardunaldiaren harira. Zuen eredu turistikoa kontrako eztarritik joaten zaigu lelopean egingo dute protesta, 19:00etan, Kursaalean.
Nazioarteko goi-bilera maiatzaren 2an eta 3an zehar egingo dute hirian, Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek antolatuta. Aurtengoa foroaren bosgarren edizioa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du, besteak beste.
TMEren arabera, foroaren helburua “turismo gastronomikoa herrialdeen garapenerako faktore gisa sustatzea” da eta, urte honetan, garapen jasangarrira bideratutako lanpostuen sorrera eta ekintzailetzaren sustapena izango ditu gai nagusi gisa.
Turismo jasangarriaren kontzeptuak bere balioa galdu duela ondorioztatuta, Bizilagunekin plataformak desazkunde turistikorako hamasei proposamen aurkeztu zituen duela egun gutxi, Donostian “gutxi batzuen negozioa herritarren gehiengoaren bizitzan kalteak sortzen ari dela” argudiatuz. Horien artean, hiri-markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzeko proposamena egin zuen plataformak.