Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak eraikiko ditu Ulia-Ategorrietan, Loiolako Erriberan eta Morlansen
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin adosturiko hitzarmena onartu du. Horri esker, 300 zuzkidura-etxebizitza eraikiko dituzte hirian. Apartamentuak udalak utzitako hiru partzelatan eraikiko dira: Ulia-Ategorrietan, Loiolako Erriberan eta Morlansen. Etxebizitza sozialera bideratuko dituzte.
80 etxebizitza eraikiko dituzte Ulia-Ategorrietako (Manteo) 5. sektorearen 4.550 metro koadroko eremuan. Beste 40 eraikiko dituzte sektore bereko beste 1.526 metro koadroko eremu batean. Loiolako Erriberan 100 etxebizitza egingo dituzte 1.456 metro koadroko eremuan, eta Morlansen 80 apartamentu eraikiko dituzte 1.352 metro koadroko partzelan.
Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du hitzarmenean adosturikoa betetzeko. Hau da, etxebizitza eremuen proiektuak idatzi eta aurrera eramatea. Hitzarmenak ere klausula bat jasotzen du etxebizitzen kopuru bat adineko pertsonei bideratzeko. Alokabidek kudeatuko du hori Bizigune programaren bidez.