Gipuzkoako Ostalarien Elkartearen egoitzan ekintza egin du Ernaik, prekarietatea salatzeko
Gipuzkoako Ostalarien Elkartea aukeratu zuten gazteen lan eta bizi baldintza “penagarrien” erantzule gisa, eta horrek sustatzen dituen “lanaldi amaigabeak, soldata baxuak, lan-erritmo jasanezinak, eta abar” kritikatu zituzten. Gaineratu zuten ostalaritzako enpresariak ez direla prekarietate horren sustatzaile bakarrak, baina “oso bistakoa” dela tabernetan eta jatetxeetan zein nagusikeriaz jokatzen duten.
Sare sozialetan zabaldutako oharrean, ostalaritza patronala, eta EAJ eta PSE alderdiak jarri zituzten jomugan: “Mikel Ubarrechena –Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko presidentea– eta Eneko Goia eta Ernesto Gasco txanpon beraren bi aldeak dira”. “Elite ekonomiko eta politiko hau da gazteok Donostian bizi ezin izatearen errudun, monokultibo turistikoan oinarritutako hiri-eredua bultzatzen dutenak”, baieztatu zuten.
Halaber, maiatzaren 2an eta 3an Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa egingo dute Donostian, eta Ernaik herri mugimenduak foroa salatzeko egingo dituen mobilizazioekin bat egingo duela jakinarazi du.