Jose Luis Ansorena musikaria zendu da
Astelehenean hil zen Iruñean Jose Luis Ansorena musikologo, konpositore eta zuzendari donostiarra, 90 urte zituela. Besteak beste, Musikasteren, Andra Mari abesbatzaren eta Eresbil Euskal Musikagileen Artxiboaren sortzailea izan zen, eta musika erlijiosoa eta korala idatzi zituen. Musika sortzeaz gainera, artikuluak ere idatzi zituen Txistulari aldizkarian, eta Euskor Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buletinean. 2011n Manuel Lekuona saria jaso zuen, Euskal Herriko kultura sustatzeko egindako lanagatik, eta duela urtebete omenaldi bat egin zioten Errenterian.
Donostian jaio zen Ansorena, 1928. urtean, eta Musika Kontserbatorioan egin zituen harmonia, konposizio eta piano ikasketak, Luis Urteaga eta Beltran Pagola maisuekin. Altsasuko Kaputxinoen Apaizgaitegian sartu zen 1942an, eta han apaiz eta musika ikasketak tartekatu zituen. 1953an apaiz ordenatu zuten, eta 1954an San Antonioren Eskolania eta San Antonioren Gaztedia sortu zituen Iruñeako Kaputxinoen elizan. Ondorengo urteetan San Antonioren Gaztedia sortu zuen Zaragozako Torreroren Komunitatean eta hango korua zuzendu zuen.
1966an Errenteriara iritsi zen, eta egitasmo ugari sortu eta sustatu zituen han. Besteak beste, Andra Mari Abesbatza eta Parrokiako Gaztedia sortu zituen, eta Karnaba Zortzikotearen zuzendaria izan zen. 1967an Orereta haur korua sortu zuen; 1972an Alai emakumezkoen zortzikotea, eta 1976an Oinarri gazte korua.
Euskal musikagileek sortutako musika hedatzeko lan handia egin zuen. Esaterako, Musikaste jaialdia sortu zuen Errenterian 1973an, eta ondoren, 1974an, Eresbil Euskal Ereslarien Bilduma, gaur egun, Musikaren Euskal Artxiboa dena.