Olatu Talkako ibilbide eta tailer berezietan izena emateko epea zabalik da
Maiatzaren 31n eta ekainaren 1 eta 2an izango da Olatu Talka jaialdia. Aurten hamar urte beteko ditu eta jaialdi ikusgarriago batekin ospatzeko aurrekontua handitu dute. Antolakuntzan ere aldaketa batzuk izango ditu.
Joan den urtarrilaren 31n bukatu zen Olatu Talka jaialdian proiektu orokorrak martxan jarri ahal izateko proposamenak eta Kontxa Gaumarketen eta Kontzertourren parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea, eta antolatzaileen jakinarazi dutenez, guztira 300 inguru izan dira deialdi hirukoitzean parte hartu dutenak.
Olatu Talkan parte hartzeko beste hainbat aukera izango dira, hala nola, antolatu dituzten ibilbide, tailer berezi eta ekitaldiak. Alde batetik, ibilaldien bitartez, hiriaren bestelako ikuspegi bat jasotzeko aukera izango da. Bestetik, askotariko tailerrak ere antolatu dituzte, besteak beste, parkour, Tai Ji eta marrazketa maratoia.
Guztiak doan izango dira, eta lekuak mugatuak direnez, izen ematea www.olatutalka.eus webgunean egin behar da. Kasu gehienetan epea maiatzaren 24an amaituko da.
Programatutako jarduerak honako hiru ataletan antolatu dituzte:
Ezagutu! – Ibilbideak
- Baleei buruzko ibilbidea: Maiatzaren 31an, ostiralean, 17:00etatik aurrera Aquariumeko kanpoaldean, baleazaleek Euskal Herrian utzitako ondarearen berri emanez ibilbide bat antolatu dute Ambar elkarteko kideek. Oinezko ibilbideak ordu eta erdi iraungo du eta euskaraz egingo da. Gaztelerazko ibilbidea, berriz, larunbatean ekainaren 1ean egingo da 17:00etan.
- Bisita gidatua Rezola fabrikara: Ekainaren 1ean, 11:00etan, Rezola fabrika ezagutzeko aukera egongo da. Bisita elebiduna izango da.
- Donostiako hiri-legendak: Ekainaren 1ean, 11:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gazteleraz, ibilbide kultural gidatua egingo da Donostiako erdialdetik, bertan hiriari buruzko bitxikeriak jolas moduan ezagutzeko aukera egongo da.
- Itsas bidaia didaktikoa: Ambar Elkarteak antolatuta, itsas bidaia berezia izango da, bertako itsas fauna ezagutzeko, ekainaren 2an, igandean, 10:30ean (gazteleraz) eta 12:00etan (euskaraz). Kaiko lehenengo moilatik abiatuko da.
- Animalien inguruko ibilbidea Miramonen: Miramongo basoan ibilbidea egingo da bertan bizi diren txori eta bestelako animalia espezieak ezagutzeko, ekainaren 1ean, larunbatean, 10:00etan.
Astindu gorputza! – Jarduera fisikoak
- Parkour ikastaroa: Ekainaren 1ean Parkourra ezagutzeko aukera izango da Lotzen Add elkarteko kideekin. Ikastaroa bi taldetan banatuko da: 8-13 urte artekoek 11:30etik 13:00etara egingo dute ikastaroa Bidebietako parkean, eta 14 urtetik gorakoek 17:00etatik 18:30era.
- Tai Ji ikastaroa: Ekainaren 1ean, Kimusubi klubaren eskutik 12:00etan Nautikoan Tai Chian trebatzeko aukera egongo da.
- Frisbee: Ekainaren 1ean Frisbee edo disko hegalariaren teknikak erakusteko tailerra, eta Ultimate partida egingo dira Kontxa hondartzan 10:30etik 12:30era. 12 urtetik gorakoentzat.
Sortu! – Jarduera artistikoak
- Donostia Sketch: Ekainaren 1ean, larunbatean, 10:30etik 18:00etara, 5 urtetik gorakoentzat marrazketa maratoia egingo da. Alderdi Eder inguruko zenbait lekutan marrazkiak egin beharko dituzte parte hartzaileek, antolakuntzak zehaztutako lekuetan.
- Papirudia: Ekainaren 1ean 17:00tik 19:30era papiroflexian trebatzeko aukera izango da. Paperarekin irudiak sortzen ikasteko lehen urratsak eskainiko dira Alderdi Ederren egongo den Arte Plastikoen gunean. Euskaraz eta 65 urtetik gorakoei zuzenduta.
- Landaregramak: Kamararik gabe, 16mm-ko filmaren gainean zuzenean landareekin egindako zinema esperimental tailerra. Uliako Lore Baratzetan larunbatean, ekainaren 1ean, 11:00etatik aurrera.
- Zianotipia teknika: Argazkigintza teknika hau ezagutu eta praktikan jartzeko aukera egongo da Uliako Lore Baratzetan egingo den tailerrean. Ekainaren 1ean, larunbatean, 12:00etatik aurrera.