Udal lanpostu batzuen deialdia bertan behera utzi dute, Bageraren kexa baten ondorioz

Donostiako Etxegintza enpresa erakunde publikorako hiru teknikari lanposturako deialdiaren oinarrietan euskara beharrezkoa izango ez dela salatu zuen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak duela bi aste. Euskaldunen eskubideak errespetatuak izan daitezen, lan deialdi publikoetan euskara eskakizun gisa agertu behar dela adierazi zuen Donostiako euskaltzaleen elkarteak. Salaketa publikoaz gain, Bagerak kexa bat aurkeztu zuen Donostiako Udalean.
EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Donostiako Etxegintza EEPk abian jarritako barne promozioa bertan behera uzteko. Euskaltzaleen elkarteak jakinarazi duenez, apirilaren 17ko bilkuran Udalbatzak aho batez onartu zuen, eta promozioa bertan behera utziko dute Euskara Zerbitzuaren gaiari dagokion txostena jaso arte. “Hein batean, herritarrek jarritako kexei esker lortu genuen”, adierazi du Bagerak.
Bagerak euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoari eusteko beharra azpimarratu zuen duela bi aste igorritako oharrean: “Administrazioa euskalduntzea ez da txartelak edo inprimakiak elebidunak izatea soilik, komunikazioa euskaraz izateko bideak ezarri behar direla argi dugu”. Bide horretan, hirian hizkuntza eskubideak bermatzeko lanean jarraitzen du elkarteak, eta jakinarazi dute hilabete hauetan Donostian zehar erabilera turistikorako etxebizitzen etxe atarietan, erakunde publikoek Donostiako Euskararen Ordenantza urratzen duten plaka ugari jarri dituztela.
Gertakari horri erantzuna emateko, Bagerak herritarren konpromisoa eskatu du: “Hiritarrak animatu nahi ditugu oraingoan ere, gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta urraketa horiei aurre egiteko, salaketa jartzera Elebiden eta Behatokian, edo Akuilari aplikazioaren bidez”.