"Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen hiria bilakatu dute Donostia, eta hori ezin da onartu"
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin du Koldo Mitxelena kultur etxean Donostiako birziklatze tasa "lotsagarriaren" berri emateko. Maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo dute udalari gaikako bilketa sustatzeko neurriak har ditzala eskatzeko.
“Donostia da Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortzen duen herria eta, aldi berean, organiko gutxian birziklatzen dituena”. Albiste horren berri emanez hasi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) goizeko bere agerraldia, Koldo Mitxelena kultur etxean. Hain zuzen, mugimenduko kideek azaldutakoaren arabera, donostiar bakoitzak 288kg errefus sortzen ditu urtero, hiriko gaikako bilketa tasa %40koa den bitartean.
Zifra horiek Donostia Gipuzkoako azken postuan uzten dute birziklatzeari dagokionez. Izan ere, gipuzkoarrek 160kg errefus sortzen dituzte urtean, eta lurraldeko gaikako bilketa tasa %61,4koa da batez beste. EAMren iritziz, hiriburuko datu txarrek azalpen sinplea dute: “Donostiako Udalak azken lau urteetan praktikan ez du ezer ere egin errefusa kopurua murrizteko, bost kilometrora erraustegi bat egiten ari diren bitartean”.
Errefusa murriztu eta “Gipuzkoako erreferente negatiboa” izateari uzteko asmoarekin, mugimenduko kideek “ipurdia mugitu dezala eta berehala neurriak har ditzala” eskatu diote udalari, proposamen zehatz batzuk eginez:
- Organikoa birziklatzeko edukiontziak jartzea beste edukiontziak adina eta besteekin batera, birziklatzen duten herritarrei lan hori ez zailtzeko helburuarekin.
- Errefusaren edukiontziari txipa jartzea.
- Birziklatze datuak urtero gardentasunez publiko egitea.
- Hondakinak bereizteko kanpainak egitea, batez ere organikoarenak.
- Auzokonposta egiteko azpiegiturak jartzea auzo guztietan.
Halaber, ardura nagusia erakundeena dela azpimarratuz, EAMk eskaera bat egin die donostiarrei ere: “Guk geuk ere gure ohiturak aldatu behar ditugu, erraustegiari jaten eman nahi diotenak mugitu ala ez: gure etxe, lantoki, elkarte eta inguruetan organikoa bereizi behar dugu”.
2020rako hiriko birziklatze tasa %65ekoa izan dadila exijituz, maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarte Egunean, elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean. 19:00etan bilduko dira, Donostia Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen hiria bilakatu izana “onartezina” dela salatu eta udalari “birziklatzea benetan sustatzeko neurri serioak har ditzala” eskatzeko.
Aurretik, maiatzaren 4an eta 11n, EAMeko kideak Katalunia plazan eta Easo plazan egongo dira hurrenez hurren, informazioa banatu eta hiriko egoera herritarrei helarazteko asmoarekin.