Hainbat txapelketa egingo dituzte Karmengo Jaietarako motorrak berotzen hasteko
Aurten Karmengo Jaiak uztailaren 12tik 16ra bitarte ospatuko dituzte kaian, eta ordura arte oraindik egun dezente igaro behar diren arren, Parte Zaharrean badira jada burua festan jarrita dutenak. Izan ere, jaiak berotzen hasteko asmoz, datozen asteetan hainbat txapelketa antolatuko dituzte auzoan, Karmengo Amaren egunak inor ustekabean harrapa ez dezan.
Maiatzaren 11n, lehenik, pala txapelketa antolatuko dute Trinitate plazan, 10:00etatik aurrera. Bikote mistoez osaturiko lehiaketa izango da eta bertan parte hartu nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte Herria tabernan izena eman ahal izateko.
Maiatzaren 12an, berriz, mus txapelketa egingo dute Arrano elkartean, 17:00etan. Parte hartzeko izen ematea Kresalan eta Herria tabernan egin daiteke, bikoteko 10 euro ordainduta.
Maiatzaren 18an, azkenik, futbolin txapelketa antolatuko dute, 17:00etan, berriro ere Trinitate plazan. Lehiaketa horretarako izen ematea Urka, Herria eta Peku tabernetan egin dezakete interesatuek.